Immatrikulazioak

Meskitak 30 euroan

Elizak, ermitak, etxebizitzak, lur sailak... Udalerrienak ziren edo jabe zehatzik ez zuten 5.000 ondasunetik gora bere izenean jarri ditu Elizak urteotan; isilpean eraman du aurrera prozesua, eta zergarik ordaindu behar izan gabe.

Ainhoa Sarasola.
2014ko maiatzaren 4a
11:57
Entzun

Euskal Herrian, bereziki Nafarroan, udalerri askok ezustekoa orain dela urte batzuk hartu zuten, herriarenak ziren ondasunak Elizak bere izenean jarriak zituela jakitean. Izango da oraindik ezuste gehiago, ziurrenik, baina auzia ezagunagoa da egun, bereziki Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak egindako salaketengatik. Espainian, ordea, orain gutxi hartu dute askok ezustekoa, Andaluziako monumentu historiko ezagunenetariko baten kasua argitara atera eta polemika piztu denean: Kordobako meskita ere bere izenean erregistratu zuen Eliza katolikoak 2006an: 30 euro ordaindu zituen horretarako.

Artearen eta arkitekturaren altxor bat da Kordobako meskita, egun Kordobako katedrala deritzona. 786. urtean hasi ziren eraikitzen, eta, Mekakoaren atzetik, munduko bigarren meskita izan zen, bere 23.400 metro koadroekin —gerora, Istanbulgo meskita urdinak ostu zion postua—. Errekonkistarekin, 1236an katedral bihurtu zuten. 1984an, gizadiaren ondare izendatu zuen Unescok.

Kordobako Apezpikutzari ez zitzaion oso zaila izan monumentu hori bere izenean erregistratzea. Gotzainaren dokumentu bat aurkeztea nahikoa izan zen horretarako, eta ondarearen eskualdatze zerga ere ez zuen ordaindu behar izan, tramitea egiteagatik 30 euro besterik ez. 1998ko lege erreforma bati zor dio hori guztia egiteko eskumena Elizak. 1946ko Hipoteka Legea erreformatu zuen Jose Maria Aznarren gobernuak urte hartan; ordura arte Elizak bazuen eskumena ondasunak bere izenean erregistratzeko, baina ez gurtzarako tenpluak, eta lege aldaketarekin, horiek ere bere izenean jar zitzakeen erregistroan.

Erregistratzean publiko egiteko betebeharrik ere ez du, legez, Elizak. Hala, kordobarrek 2009an jaso zuten ezustekoa. Kordobako Meskita-Katedrala: guztion ondare plataforma izenekoa sortu zuten herritarrek iaz, apezpikutzak meskita "juridikoki, ekonomikoki eta sinbolikoki bereganatu" duela salatu eta eskaera zehatzak plazaratzeko. Batetik, Elizari eskatzen diote katedral terminoa soilik erabiltzeari utz diezaiola; bestetik, juridikoki haren titulartasun publikoa aitor dezala. Eta, azkenik, ondare horren kudeaketa publikoa egingo duen patronatu bat sortzea nahi dute.

1998ko lege erreforma Espainiako Konstituzioaren aurkakoa dela da legelari askoren iritzia, estatuaren akonfesionaltasuna jasotzen baita bertan; beraz, egindako inmatrikulazio guztiek baliogabeak izan beharko luketela diote. Iritzi berekoa da Kordobako Meskita-Katedrala: guztion ondare plataforma ere. Change.org Interneteko atarian sinadura bilketa jarri zuen martxan, oro har, Hipoteka Legearen 206. artikulua ezabatu eta immatrikulazioekin "usurpatutako" ondarea herriei itzultzeko eskatzeko, eta zehazkiago, Kordobako meskita estatuari itzultzea galdegiteko, "gurtze erlijiosorako eta apezpikutzak esplotatutako lekua izateari utzi, eta gune erabat zibila izan dadin". Asteon 350.000 babes sinaduratik gora zituzten bilduak.

Espainiako Gobernuaren jarreran, "amarrua"

Bere balio artistiko, historiko eta kulturalagatik, Kordobakoa izan da orain arteko kasurik sonatuena, baina ez da bakarra, inondik ere. 2008tik Elizak immatrikulatutako ondasunen inguruko datuak lortzeko lanean dabil Europa Laikoa erakundea, eta, azaldu duenez, 5.000tik gora dira: gurtzarako tenpluak ez ezik, etxebizitzak, lur sailak, mahastiak, biltegiak... eta beste hainbat higiezin ere badaude horien artean. Auzia politikoa dela dio elkarteak, eta aipatu lege artikulua "atzerako eraginez bertan behera" uztea galdegin du.

Ez dirudi hori denik Espainiako Gobernuaren asmoa. Hainbatetan, Datuen Babesteko Legera jo du Elizaren jabetza kopuruen berri ezin duela eman azaltzeko. Iragan astean, baina, hitza hartu zuen Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak, Kordobako meskita Elizari desjabetzea "zentzugabekeria ekonomiko eta juridikoa" litzatekeela esateko, kalte ordaina handiegia litzatekeelako.

Elizari eskumen hori kentzeko PPren gobernuak legeari egingo dion aldaketa, gainera, "amarru" bat dela uste du plataformak, urtebeteko epea izango duelako Elizak bere horretan jarraitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.