Metanizazioarekin ere, abian

Baionako Canopia gunea osoki ibil dadin abenduan, pedagogia lanetan hasiak dira Bil Ta Garbikoak; bereziki metanizazio prozedurari ekin diote, apiriletik aurrera

Tratamendu mekaniko-biologikoa erabiltzen du Valortegia Hondakin organikoen balorizatzeko sailak, Canopia gunean. BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Eskopeta bat hortxe.Murruaren kontra. Hondakinen bereizketa lanetan ari diren zinta ibilkarietako batean agertu zitzaien langileei. Paper eta plastiko artean. «Horrek erakusten du zein garrantzitsua den etxean egiten den lehen bereizketa lana ongi egitea, eta ez zernahi botatzea zikinontzi berezituetan», larritu zaio bertaratu prentsari Canopia guneko prentsa arduradun Nicolas Seguin.

Canopia hondakindegiaren ateak irekitzearen arrazoietako bat, hain zuzen. Bereizketaren nondik norakoaz ohartarazteko hoberik ez dela konbentzitua da Bil Ta Garbiko presidenteorde Michel Thikoipe. Zirkuitu pedagogiko bat pentsatua dute gunean, interesatu ororentzat, eta bereziki ikasleentzat. Haur eta haur ttipiengandik pasatuko dela familien heziketa, horretaz ere konbentzitua baita Thikoipe.

Eta, hasteko, kazetarien aldi. Bisita Canopiako bi zati nagusitan dute banatua. Batetik, Bil Ta Garbiren esku den bereizketa zentroa —abenduan hasia da lanean—, eta, bestetik, Valortegia —apirilean da hasia—.

Hondakin organikoen balorizatzeko saila da Valortegia. Urbaser enpresak sortu sozietatea da; honek du eraikia egitura, eta honek du kudeatzen. Horrek badu bere inportantzia. Gertatu izan baita Urbaserrek kudeatu horrelako egitura batek ateak hetsi behar izatea funtzionamendu arazo batzuengatik. Gunea eraiki zuenak akatsa gunea kudeatzen zutenei leporatuz, eta alderantziz. Hutsegiteen esperientziak akats berak ez egiteko erabili dituztela dute argudioa Canopiakoek.

Bisitan, esplikazio guztiak emateko prest daude, hortaz. Hodi eta gela hetsien aitzinean. Usain txarrak barnean atxikitzen dituztela. Preseski, hori ere komunikatu nahian dabiltza. Dena eremu hetsi batean dutela egiten. Eta egia dute. Kanpoan usain txarrik ez da sentitzen. Ate bat ireki, eta, barnean, konposta biltzeko lekua dago. Barne horretan bai bada usaina. Tximinia batetik egiten ditu joan-etorriak aireak, arte horretan filtratuz. Konposta da emaitza. Jatorria, hondakin organikoak. Bereziki janari soberakinek osatzen dituztenak. Beste emaitzetako bat indar berriztagarria dute, metan anitz daukan gas baten bidez lortua. Indar hori agorrilean hasiko dira ekoizten eta EDF enpresari saltzen.

Arte horretan erabili teknika TMB edo tratamendu mekaniko-biologikoa dute. Metanizazio prozesuak naturala den hartzidura fenomenoa zalutzen du. Digeritzaile hermetikoetan sartu hondakinen artean, hartzi daitekeen ororen andeatze lana azkartzen dute bakterio batzuek. Oxigenorik gabe dela gunea, horrek lastertzen du prozesua. Kautxuzko sistema bat erabiltzen dute barne horretan, pieza mekanikoak saihesteko. Sekuentziaka, aitzina doa barneko lana. Hiru astez atxikitzen dituzte hondakinak hor.

Gero, hortik, gas bilakatu ez dena, lohi itxurako lehengai bilakatzen da. Ur beroari esker idortzen dute, eta horrela dute osatzen konposta, NFU-44-051 normaren kalitatekoa. Artoarentzat dela baliagarriena azaldu dute Bil Ta Garbikoek. Eta laborari bezero bila daude horren saltzeko. Landetan bereziki. Beren xedea ahal bezain etxalde handiak aurkitzea dela azaldu dute, ahal bezain hurbil, gastuak ez handiegiak izateko. Eta gelditzen dena Senpereko Zaluagara eramanen dute. Valortegiako buru Sebastien Cueillensek ondorioztatu du: «Mirakuluzko fabrikarik ez da existitzen. Zero hondakin ezinezkoa da, beti gelditzen da zerbait».

Hondakin berezituetan, Bil Ta Garbik egiten ditu bere balorizazioak ere. Plastikoak Baionako Regene enpresara doaz, eta paperak eta kartoiak Paprec enpresak hartzen ditu bere gain. Plastikozko poltsentzat bide berria ari dira lantzen. Hondakin berdeek, altzairua eta aluminioa ere berbidaltzen dute. Eta egurra ere bai, hor zentratu, metatu eta kamioiez Rion-des-Landesera bidaltzen dute. Baina eskopetentzat deusez, mementoko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.