Metro Bilbaoko eta Bilbobuseko bidaiari kopurua hazi egin da azken bi urteotan

Bilbobusen erabiltzaileak urritu egin ziren metroa zabaltzean, baina iaz gehitu egin zen bidaiari kopurua

ASIER ALKORTA BILBO
2007ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Metro Bilbaok eta Bilbobus hiriko autobus zerbitzuak iaz aurreko urteetan baino erabiltzaile gehiago izan zituzten. Zehazki, metroak2005ean baino1.978.253 bidaiari gehiago izan zituen (%2,54 gehiago) eta ia 80 milioi joan-etorri egin zituen; eta, hiri barruko autobusak 2005ean baino 1.178.178 bidaiari gehiago izan zituen (%4,25eko hazkundea), eta, orotara, 27 milioi pertsona pasatxok erabili zuten autobusa.

Metroak autobus bidaiarien galera ekarri bazuen ere, azken urteotan geroz eta gehiago dira autobusa hartu duten herritarrak. Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio zinegotziaren esanetan, azken lau urteotan, autobusak 4.118.223 bidaiari gehiago izan ditu. Zerbitzuaren eta informazioaren hobekuntza, autobusetan ezarritako plataforma berriak, autobusentzako eginiko bide bereiziak eta autobus gehiago ezartzea hazkundearen arrazoiak direla azaldu zuen zinegotziak.

Bidaiari kopuruak gora egitearekin batera egin du gora autobusen joan-etorri kopuruak ere. Hala, iaz Bilbobus enpresako autobusek 1.130.891 bidaia egin zituzten; batez beste, hiru autobusek egin zuten zerbitzu berri bat minuturo. Beste era batera esanda, egunero guztira 2005ean baino 3.200 bidaia gehiago egin zituzten. Beste datu bat ere eman zuten atzoko agerraldian: iaz autobusek 6.192.139 kilometro egin zituzten, hau da, 57.197 kilometro gehiago.

Udalak 2006. urtean 26 autobus gehitu zituen Bilbobus zerbitzura; GPS sistemekin eta ezindu fisikoentzat egokitutako azpiegiturekin hornituta. Halaber, ingurumenean ahalik eta kalte gutxien egiteko asmoz, biodiesel erregaiaren erabilpena bultzatzeko asmoa dutela jakinarazi zuen Ibone Bengoetxeak. 2006an erregai hori %5ean erabili zuten autobusek eta horrela 160.000 litro gasoilen ordez, erregai ekologikoa erabiltzea ahalbidetu zuela gaineratu zuen.

Bilbobusek, halaber, 2006ko balantzea egitearekin batera, aurtengo erronkak plazaratu zituen: bederatzi autobus gehiago jartzea, auzoen arteko lineak gehitzea, kutsadura gutxitzea, itsuentzat ahozko informazio-sistema jartzea eta semaforoetan autobusek lehentasuna izatea.



METROA ERE GORAKA. Metro Bilbaok, bere aldetik, 79.780.094 joan-etorrirekin itxi zuen urtea: 2005ean baino %2,54 bidaiari gehiagorekin. Batez beste, egunero 5.000 bezero gehiago izan zituztela azaldu zuten metroaren arduradunek. Hazkunde handienak Etxebarriko, Ansioko eta Sestaoko geltokietan izan ziren.

Metro Bilbaok eskuinaldean dituen geltoki guztietatik erabiltzaile gehien izan zituen geltokia Areetakoa izan zen: 3,8 milioi bidaiari izan zituen. Ezkerraldean, berriz, Gurutzetako geltokiak izan zituen erabiltzaile gehien: 3,1 milioi. Metroak berak kudeatzen dituen Leioa eta Etxebarriko aparkalekuen erabilpena ere «asko» hazi dela azaldu zuten.

Metro Bilbaok bere bezeroen artean egindako inkestako datuen arabera, bezeroek zerbitzua «oso ona» dela uste dute. Bezero fidelak gero eta gehiago direla gaineratu zuten arduradunek.



MARTXOA. Garraiobide bietan, bidaia gehien izan ziren urteko hilabetea martxoa izan zen. Hil horretan 7,4 milioi pertsonak erabili zuten metroa. Bilbobusen datuen arabera, martxoan 2.569.104 pertsonek hartu zuten autobusa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.