Metroa eta Bizkaiko Foru Aldundia, liskar betean

Metroak Galdakaorako jarritako autobusa gerarazi du diputazioak, bigarren egunez; bilera egingo dute bi aldeek

Bilbo
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Bizkaiko Foru Aldundiko ikuskatzaileek atzo, bigarren egunez, Etxebarriko metro geltokitik Galdakaorako autobus zerbitzua geldiarazi zuten, martxan jarri eta ordu gutxira. Bilboko Metroak astelehenean abiarazi nahi izan zuen linea berria. Baina, foru aldundiaren arabera, zerbitzuak «ez ditu betetzen beharrezko araudiak». Pilar Ardanza Garraio diputatuaren esanetan, «legez kanpokoa» da autobus zerbitzua aldundiaren baimen barik martxan jarri izana. Ikuskariek hamazazpi arau-hauste atzeman dituztela gaineratu du, eta bakoitzagatik 6.000 eurorainoko isuna ezarri ahal diotela linearen kudeaketaren ardura duen enpresari.

Ardanzak bi arrazoi azpimarratu ditu metroari zerbitzua ezartzeko baimena eman ez izana justifikatzeko. Alde batetik, metroak behin-behineko baimena eskatu zuela azaldu du, «baina zazpi urtez iraungo luke zerbitzuak, Galdakaora metroa heldu bitartean, eta, legediaren arabera, kontzesio berri bat izango litzateke». Bestalde, zerbitzu horrek egingo lukeen ibilbidea gaur egun beste hiru enpresaren esku dagoela azaldu du: «Zerbitzu berria baimentzea horien eskubideen aurka jokatzea litzateke».

Baina ez da hori Iñaki Prego Bilboko Metroko kontseilari ordezkariaren iritzia. Pregoren esanetan, autobusa abian jartzea trenen legediaren barnean dago, eta ez errepide garraioenaren barnean. «Beraz, aldundiak ez du eskurik gai horretan». Eta gaineratu du Bilboko Metroari zerbitzu laguntzaileak eskaintzeko aukera ematen zaiola Jaurlaritzaren txostenetan. Horregatik, legedia momentu oro bete dutela esan du. «Baina zerbitzua ez zaio Bizkaibusen kontzesiodun bati adjudikatu, eta hori da, gure iritziz, gatazka honen arrazoi nagusia». Horregatik, autobusa geldiaraztearen aurkako neurriak eskatu ditu Bilboko Metroak epaitegietan.

«Harrokeriaz jokatzen dute»

Gogor hitz egin du Ardanzak Bilboko Metroko zuzendaritzaren aurka. «Liskarraren arrazoi nagusia haien harropuzkeria da. Garraio sailburuordeak bazekien haien apustua ilegala zela, baina halako egoera sortu nahi izan du». Aldundia herritarren interesen aurka doala ikusarazi nahi dutela uste du Ardanzak, «baina irtenbide bat bilatzea da gure helburua». Azaldu duenez, hainbat ordezko aukera jarri dituzte mahai gainean. Besteak beste, ibilbidea egiten duten enpresen lineak behar berrietara egokitzea eta Arizeko geltokia irekitzerakoan handik Galdakaorako autobusa jartzea.

Metroa ez da aukera hauekin bat agertu. «Erabiltzaileek, bi garraio ordaindu beharko lituzkete», esan du Pregok. Hala ere, bi aldeak, elkarrizketarako prest agertu dira. Hainbat iturriren arabera, bihar bilera egitekoak dira bi aldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.