AZPIEGITURAK

Metroa ordaintzeko akordioa egin dute Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak

Bilboko metroa zabaltzeko lanen harira eztabaida izan dute bi erakundeek. 127 milioi euroko gastua izango dute metroa Santurtzira, Basaurira eta Getxora eramateko lanek. Bizkaiko Garraio Partzuergoak 61 milioi euro jarriko ditu, eta gainerakoa ordaintzeko kreditua eskatuko dute bi aldeek.

2010eko otsailaren 23a
12:46
Entzun
Bilboko metroa zabaltzeko aurten egin beharreko lanak ordaintzeko akordioa lortu dute Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Diputazioak, eta amaitu dute iragan astean hasitako ika-mika. Metroa zabaltzeko lanak Basaurin, Getxon eta Santurtzin dituzte egitekoak aurten, eta Bizkaiko Diputazioak proposatu zuen Bizkaiko Garraio Partzuergoaren aurrekontuan 127 milioi euroko zorra onartzea, metroaren lanak ordaintzeko. Ordea, Eusko Jaurlaritza aurka zegoen; haren arabera, 61 milioi euroko zorra baino handiagoa izatea legez kanpokoa litzateke.

Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok eta Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu Iñaki Arriolak aurkeztu dute akordioa gaur. Azkenean, 61 milioiko zorra onartuko dute partzuergoaren aurtengo aurrekontuetan, Jaurlaritzak nahi bezala. Ordea, 127 milioi eurora iristsiko dira, falta den dirua Jaurlaritzak berak eta Diputazioak jarrita. Kreditua eskatuko dute horretarako.

Garraio partzuergoak127 milioi euro jartzen ez bazituen Diputazioak jarriko zuela gainerakoa iragarri zuen Jose Luis Bilbaok. Azkenean, ez du partzuergoak jarriko, baina ezta Diputazioak soilik ere. Jaurlaritzaren eta bien artean ordainduko dute falta dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.