Metroaren hirugarren ibilbidea 2011n jarriko dute martxan

Urtebete barru hasiko dira metroa zabaltzeko lanak eta oposizioak «iruzurra» deritzo ibilbide berriari

Mikel Carramiñana.
2007ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Hogei urte beteko dira aurten Bilboko metroaren egitasmoa diseinatzen hasi zirenetik. Orduan, egungo ibilbide biak ez ezik, Otxarkoaga eta Errekalde auzoak lotuko zituen hirugarren bat adostu zuten garaiko politikariek. Bizkaiko Garraio Partzuergoak 2005ean onartu zuen metroaren hirugarren linea gauzatzeko plana eta, azkenean, behin betiko ibilbidea aurkeztu zuten atzo, Bilbon, Jaurlaritzako Garraio sailburuorde Arantza Tapiak, Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu Eusebio Melerok eta Bilboko Udaleko Garraio zinegotzi Ibone Bengoetxeak.

Zazpi geltoki izango ditu metro linea berriak, Etxebarritik abiatuko da, San Antonio auzotik eta Bilboko Matikoko geltoki zaharrean izango du amaiera. Bidean, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Uribarri eta Zazpikaleak lotuko ditu. Azken horretan egingo dute lotunea, hain zuzen ere, egungo metro ibilbideekin eta EuskoTren trenbidearekin.

Guztira, 5.885 metroko luzera izango du hirugarren lineak, hasierako egitasmoan aurreikusitakoa baino kilometro bat gutxiago. Bestetik, erabiltzaileei dagokionez, geltoki berrietatik gertu bizi diren 37.000 pertsonak izango dira balizko bidaiariak. Hasierako ibilbidea moldatu izanari esker, aurreko egitasmoan baino %14 gehiago izango dira.

Ibilbide berriak egungo metroak eskaintzen dituen maiztasunak izango ditu, bost minutukoak alegia, eta Garraio sailburuordeak argitu zuenez, Bilboko metroaren itxura ere izango du: «Dagoeneko, Norman Foster arkitektoarekin kontratu berria sinatu dugu eta lanean ari da geltokien sarbideak diseinatzeko».

Behin betiko ibilbidea erabaki duten arren, ezaugarri asko eraikitzeko lanerako proiektuan zehaztuko dituztela azaldu zuen Tapiak, esate baterako, lurpekoak edo agerikoak izango diren bide zatiak. Proiektua udazkenerako bukatzea espero dute eta, ondoren, 2008. urteko lehenengo hiruhilekoan lanerako eskaintza egingo dute. Lanak abiatuta eta, aurreikuspenen arabera, berrogei hilabete beharko dituzte metroko hirugarren linea bukatzeko. Horrela, 2011. urtean jarriko dute martxan garraio zerbitzu berria.

Orduan erabaki beharko du Bizkaiko Garraio Partzuergoak zein enpresak kudeatuko duen zerbitzua; izan ere, atzoko agerraldian esan zutenez, Bilboko Metroa eta EuskoTren enpresetatik aparte, etorkizunean hautagaiak areagotu daitezke: «Ezin baitugu ahaztu 2011. urterako bidaiarien garraio zerbitzuen liberalizazioa indarrean egongo dela».



GEZURRAREN TRENA. Bilboko UdalekoPPko Antonio Basagoiti eta PSE-EEko Txema Oleaga eledunek gogor kritikatu zuten erakundeetako ordezkariek aurkeztutako metroaren ibilbide berria. Alderdi popularraren arabera, EAJk «iruzur egin die bilbotarrei, errealitatean EuskoTren trenbideko zati bat dena metroko linea bezala aurkeztu» izanagatik. Ildo beretik salatu zuen Oleagak haientzat «gezurraren trena» dena.

Ibone Bengoetxeak Garraio zinegotziak metroaren egitasmoa defendatu zuen, beste proiekturik egiteko modurik ikusten ez duelako: «Ibilbide hau orain egin daiteke eta ezin genuen aukera galdu, baina ez dugu metroa zabaltzea baztertu». Azkenik, Errekalde auzorako, «oraingoz», tranbia aukera bakarra dela berretsi zuen.



«Ibilbide hau orain egin daiteke eta ezin genuen aukera galdu, baina ez dugu metroa zabaltzea baztertu»

Ibone bengoetxea
bilboko udaleko garraio zinegotzia




Zenbakia

5.885

5.885 metro egingo ditu ibilbide berriak Etxebarriko geltokitik Matikoraino.

7 geltoki. Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Zazpikaleak, Uribarri eta Matiko izango dira Bilboko sei geltokiak. Etxebarrin, San Antonion jarriko dute.

37.000 bidaiari. Geltoki berrietatik, oinez, 10 minutura, ia 40.000 lagun bizi dira.

151 milioi. Aurrekontuaren %75 Bizkaiko Garraio Partzuergoak jarriko du eta, gainerakoa, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak ordaindu beharko dute.

5 minututik behin. Egungo metro ibilbide bakoitzak bezala, 5 minutuko maiztasunak eskainiko ditu hirugarren ibilbideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.