Donostiako metroaren obrek zeresana eman dute beste behin ere; lerroburuetara bueltatu dira. Aurrekoan, salatu zuten hiriburuko EH Bilduk Zarautz hiribideko, Zubieta kaleko eta Bentaberriko bizilagun batzuek eskutitz bana jaso zutela, metroaren obrek eragindako kalteekin zerikusia zuena. Bertan, 1.100 euroko kalte ordainak eskaintzen zizkieten, baldin eta etorkizunean kalte ordain gehiago ez eskatzeko konpromisoa hartzen bazuten. Bizilagunei gutun horiek sinatzeko “presioa” egiten ari direla salatu du EH Bilduk, eta “babesgabe” utzi dituela; sinatuz gero ezingo bailiekete kalte ordain gehiago eskatu metroa eraikitzen ari den enpresari, Metro Benta Berriri ABEEri edo ETS Euskal Trenbide Sareari. Hori “salagarria” dela uste du Donostiako EH Bilduk.
Gutuna igortze hutsa jo du “salagarritzat”, baina EH Bilduk gutunen aferaren bi alde gaitzetsi ditu, bereziki. Alde batetik, berriz kalte ordain gehiago ez eskatzeko klausula txarretsi du. “Nork ziurtatu dezake ez dela berriz irekiko beste pitzadurarik? Metroarena bizirik dagoen obra bat da; aseguru konpainiek egin izan dituzte horrelako klausulak, baina bukatuta dauden obretan, ez oraindik martxan daudenetan”, dio Garbiñe Alkiza Donostiako EH Bilduko zinegotziak. Are zalaparta handiagoa sortu du gutunaren igorleen artean erakunde publiko bat izateak: ETS. Erakunde publiko batek horrelakorik “ezin” duela egin dio Alkizak, eta horri buruz galdetu diete Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari. Beste alde batetik, gutunak sinatzeko “presioak” ere izan direla salatu du udal taldeak, Alkizak kontatu duenez: “Banan-banan joan dira etxeetara, eta bizilagunen ahotik entzunda dakigu esan dietela: ‘Har ezazu dirua, eta erabili nahi duzunerako; hobe duzu sinatzea, bestela gaizki bukatu dezake honek’. Sinatzera bultzatzen aritu direla dakigu”. Hori horrela, herritarrekiko babesa adierazteko eskatu zioten udalari.
Astelehenean jorratu zuten gutunen gaia Donostiako udal batzordeetan. EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak premiazko interpelazioak jarri zituzten, udalak gutun horien berri izan duen galdetzeko, eta, hain zuzen ere, kaltetuei bere babesa eman diezaion eskatzeko. EH Bilduk zabaldutako prentsa oharraren arabera, udalak “zalantzan” jarri zuen gutun horiek heldu direnik, eta “uko egin zion publikoki kaltetutako donostiarrei babesa emateari”. Gipuzkoako Hitza-k ez du lortu udal arduradunekin harremanetan jartzea, ezta Metro Benta Berri ABEEarekin ere; ETSrekin hitz egitea lortu badu ere, ez du adierazpenik jasotzerik izan gutunen aferaren inguruan.
Sortu duen harrabotsa ikusita, gutun horiek bidaltzeko garaia ausazkoa ez dela uste du Mikel Alvarez Satorralaiako kideak; obraren egungo egoera dela eta, azalpen bat izan dezakeela. Izan ere, metroaren obrak geldituta daude Kontxa eta Amararen artean, iaz agertutako zuloen eta uraren filtrazioen ondorioz. Proiektua geldiarazi egin zuten, eta berri bat lizitatu, lehenengoak gainkostuak gainditu zituelako.
Horrela, Mirakontxa-Easo II proiektua martxan jarri zuten. Berez, aurtengo ekainean zen berriz hastekoa obra, hori aurreikusi zuen Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, baina oraindik ez dira hasi; hori azaldu du Alkizak. Kontua da proiektu berriak arazo gehigarriak dakartzala, Alvarezek dioen bezala: “Proiektu berri horrek aitortzen du Kontxatik Easo plaza ingurura tunel bat egiteak ehunka metroko distantzian ezegonkortasuna sor dezakeela, eta eraikinen egoera kaltetu dezakeela”. Hori lotuta egon daiteke, haren ustetan, gutunak bidaltzeko aukeratutako garaiarekin; obraren zati berriak arazo gehiago ekar ditzakeela dio, proiektuak berak horrela aitortzen duelako, eta gutun horiek bizilagunak ohartarazteko izan daitezkeela uste du, aurrerantzean kalte ordain gehiago ez eskatzeko.
“Kontraesankorra”
Eskutitz hori jaso dutenetako zenbait Zarautz hiribideko bizilagunak dira. Kale horretan, 2019an, lur jausi bat izan zen: mendia zenbait eraikinen gainera erori zen metroaren obrak zeuden eremuan. Kaltetuek, oposizioko zenbait talde politikok eta Satorralaia metroaren aurkako plataformak salatu zuten obrek zerikusia zutela horrekin. Horixe dio Alvarezek: “Denok salatu genuen obrarekin zerikusia zuela. Udalak hasieran zalantzan jarri zuen, eta gero Ikerlur enpresari ikertzea agindu zion; hark ondorioztatu zuen ezin zela lotura zuzenik egin. Eskuak garbitu zituzten”.
Orain heldutako gutunek bertsio horren kontra egiten duela salatu dute kaltetuek, EH Bilduk eta Satorralaiak. “Antza denez, gertatzen dena da ematen ari diren kalte ordainek zerikusia izan dezaketela lur jausi horrekin; beraz, kontraesanetan eroriko lirateke udala eta ETS”, ondorioztatu du Alvarezek.
Gutunik ez du jaso Ana Bazak, baina duela bi urte lehen pertsonan bizi izan zuen mendiaren erortzea. Bazak Zarautz hiribidean zeukan yoga estudioa, baina dio mendia mugitzen hasi aurretik ere metroaren obrek bere lana oztopatzen zutela: “2018ko urrian udalarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta ETSrekin harremanetan jarri nintzen. Laguntza eskatu nien, nire lana isiltasunean egitekoa delako, eta bibrazio eta zarata handiak zeudelako”. Udaleko neurgailuak izan zituen yoga estudioan, eta baimendutako zarata hirukoizten zuten obrek, haren hitzetan. Baina inoren erantzunik jaso ez, eta zerbait egin behar zuela erabaki zuen, ikasleak galtzen ari baitzen. Donostian beste lokal bat alokatu zuen lanerako; “lehengoaren bikoitza, baina prezioa ere, bikoitza”.
Lehen estudiotik alde egin eta bi hilabetera gertatu zen mendiaren erorketa. Udaltzainek deituta izan zuen horren berri Bazak: “Nire lehengo yogako estudio barrura, yoga egiten genuen gelara bertara erori zen mendia. Han lanean izan banintz, joko nindukeen, dena bertara jausi baitzen”. Egun, auzibidean du ETSren, udalaren eta aseguru enpresaren aurkako salaketa; 50.000 euroko kalte ordainak eskatzen dizkie, horixe kalkulatu baitu gastatu behar izan duela lokal berriaren alokairuan eta atontze lanetan. Aurki izango du epaiketa, EAEko Auzitegi Nagusian. Dena den, horren aurretik akordio batera heltzeko itxaropena du.
Kaltetuak “isilarazteko”
Orain eskutitza jaso ez badu ere, horiek bidaltzea “lotsagarria” dela deritzo Bazak; uste du kaltetuak “isilarazteko” dela, eta, horrelakorik jasoko balu salatu egingo lukeela dio. Jakin badaki, hala ere, bestelako kalteak izan dituzten zenbait bizilaguni onartu dizkietela kalte ordainak, eta etxean agertutako pitzadurak eta bestelako kalteak konpontzeko beste eman dietela. Horixe azaldu du Satorralaiako kide Alvarezek: “Guk dakigula, egon diren hainbeste salaketatik, ETSk onartu zituen kalte batzuk, eta zehazten zuen zein zen kaltea. Oraingoa, berriz, irregularra da, ez duelako zehazten zein kalte diren. Irregularra eta maltzurra”.
Bazak azaldutako zailtasunak ohikoak direla dio Alvarezek. Beren etxeetan pitzadurak, bibrazioak edo gehiegizko zarata jasan duten zenbait bizilagun laguntzen aritu da Satorralaia, salaketak jartzen eta zein erakundetara jo behar duten azaltzen. Izan ere, erakundeen partetik “ezikusiarena egiteko” joera izan dela dio. Kaltetu baten kasua azaldu du, administrazioz administrazio aritu zena, salaketa jartzen zuen administrazioan bere eskumena ez zela esaten ziotelako. Bi hilabetez aritu zela dio Alvarezek. “Azkenean, Arartekoak arrazoia eman zion; esan zuen hiritar batek ez duela zertan jakin behar zein administraziotan jarri behar duen salaketa, eta horretan lagundu egin behar diotela administraziotik bertatik”.
Arnas luzeko arazoak
Egoera horrela, Donostiako metroaren obrek ez dute ortzimuga argirik. Hasieran, 2022rako aurreikusi zuten martxan izatea metroa, baina azken aurreikuspenek bi urtez atzeratu dute inauguraziorako data. Hori soilik ez: oraindik berriz martxan hasi gabe dagoen eremuan, Kontxa eta Easo plaza lotuko dituenean, obrek %50 eta %70 arteko gainkostua izango dute, lizitatutako bigarren proiektuak horrela aitortzen baitu. Baina oraindik ez du baimenik jaso martxan jartzeko.
Horrek azalpen argia duela uste du Alvarezek; “beharrezko azterketak ez egitearen” froga direla dio. “Kaltetuen problematika iragarrita zegoen areatza gainean eraikita dauden zona guztietan. Proiektuan ez zituzten aztertu problematika horiek; ez zuten aurreikusi uraren filtrazioak egon daitezkeela, arriskutsua dela, gainkostuak sortuko dituela”.