Ezkerreko alderdientzat herriei elkarltasuna adieraztea funtsezkoa dela iritzita, Mexikoko PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko zenbait legebiltzarkidek bat egin dute Euskal Herriarentzat autodeterminazioa eskatzen duen Gernika Sarearekin. Atzo eman zuten ekimenarekin berri PRDko diputatu federal Jose Jacques Medina eta Humberto Zazuetak eta Senatuko Giza Eskubideen Batzordeko presidente Rosario Ibarra de Piedrak.
"Ezkerreko erakundeentzat beti izan da funtsezkoa herri guztiei elkartasuna adieraztea, eta baldintza gabeko elkartasuna adierazten diegu euskal herritarrei. Horregatik PRDkook Euskal Herriaren autodeterminazioa babesten dugu, argi utziz ez dela erakunde zehatz bat edo ETA babestea, baizik eta Euskal Herriaren eskubideak", azpimarratu zuten Mexiko hiriburuko Kazetarien Klubean egin zuten agerraldian.
Gernika Sarea Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea babesten duten hainbat herrialdeetako legebiltzarkideek osatzen dute, hala nola, Irlanda, Danimarka, Suedia, Alemania, Espainia, Belgika, Norvegia, Italia eta Eskoziakoek. Orain Mexikoko ordezkaritza hori batu zaio. Autodeterminazioaz gain, gatazkari elkarrizketa bidezko irtenbidea emateko eskatzen dute.
Aipatutakoez gain, Daniel Ordoñez Barruti Federaleko Asanblea Legegileko kideak eta Eliana Garcia, Jorge Martinez eta Eduardo Espinoza legebiltzarkide ohiek egin dute bat ekimenarekin.
Politika
Mexikoko PRDko zenbait legebiltzarkidek Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea babestu dute
Autodeterminazioa ez ezik, gatazkaren irtenbide elkarrizketatua eskatzen duen Gernika Sarearekin egin dute bat. Rosario Ibarra de Piedra Mexikoko Senatuko Giza Eskubideen Batzordeko presidentea da egitasmoaren alde egin duenetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu