Lau euskal errefuxiatu atxilotu zituzten Mexikon atzo goizeko 10:00etan Euskal Herrian 17:00ak. Mexikoko Polizia Federalak egin zituen atxiloketak, ordu berean, baina hiru lekutan. Atxilotuak Pasai Trintxerpeko (Gipuzkoa) Felix Garcia Rivera, Donostiako Egia auzoko Jon Artola Diaz eta Axun bere neska-laguna Askatasunak ez zuen haren abizenaren berri, eta Gernikako (Bizkaia) Asier Arronategi dira.Garcia Rivera Tepozotlanen atxilotu zuten, Artola Diaz eta Axun Puerto Escondidon, eta Arronategi Monterreyn. Azken orduan Askatasunak jakitera eman zuenez, Arronategiren aita Foruan atxilotu zuen Espainiako Poliziak. Gero poliziek Madrilera eraman zuten 71 urteko gizasemea.
Askatasunaren arabera, lau errefuxiatuak «legezko egoeran» bizi ziren, paperak indarrean zituzten, eta Mexikon lan egiteko baimena zuten. Hiruretako bat, Asier Arronategi, Euskal Herrira itzuli zen iragan apirilean, eta hainbat iheslari politikorekin batera Amaiurren ospatutako Aberri Egunean ezagutarazi zuen bere jaioterrira itzultzeko asmoa. Arronategi, baina, Mexikoko emakume batekin ezkondua dago, eta hainbat gestio egitera itzuli zen Mexikora. Askatasunak jakinarazi zuenez, Espainiako Poliziak haren gurasoak bizi diren Gernikako etxe miatu zuen atzo arratsaldean.
Askatasunak «Mexikora erbesteratutako euskal herritarren kontrako erasoaldia» salatu du, baita Mexikoko agintariek Espainiakoei ematen dieten laguntza ere. Espainian «euskal herritarren eskubideak urratu eta atxilotuak torturatzen» direla nabarmendu du Askatasunak, eta gogoratu du uztailaren 5ean Mexikon atxilotutako Joxemi Etxeandiak Guardia Zibilaren esku jasandako torturak salatu zituela.
EUSKAL ERREFUXIATU POLITIKOAK
Mexikon bizi ziren lau errefuxiatu atxilotu dituzte
Atzo iluntzean Foruan errefuxiatu horietako baten aita atxilotu zuen Espainiako Poliziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu