Estradizio auzia

Mexikon preso dauzkaten sei euskal herritarren estradizioa bertan behera geratu da behin-behinekoz

Iazko uztailetik Mexikon preso dauzkaten sei euskal herritarren estradizio prozesua behin-behinekoz etetea erabaki du epaile batek. Erabakia ez da behin betikoa, baina, hala ere, garrantzitsua dela azpimarratu du sei euskal herritarren abokatuak, estradizioa geraraztea lortu baitu.

2004ko abuztuaren 24a
17:27
Entzun
Estradizio prozesua behin betiko eteten duenetz bihar erabakiko du epaileak, eta horren ondoren, irailaren 8an, euskal herritarrak Espainiaratzearen alde egin duten instituzioek beren argudioak emateko epea zabalduko da. Hain zuzen ere, Mexikoko Legebiltzarrak, Presidentziak, Errepublikako Fiskaltza Nagusiak, Gobernazioko Idazkaritzak eta Kanpo Harremanetarakoak estradizioaren aldeko arrazoiak biltzen dituzten txostenak aurkeztu beharko dituzte; hots, Espainiaratzeko baimena eman zuten erakunde guztiek.

Hori dela eta, auziak oraindik luze joko duela uste du Barbara Zamora euskal herritarren abokatuak. "Epailearen ebazpenaren ondoren, kasua berrikus daiteke, eta gero, Auzitegi Gorenera jo daiteke.Beraz, tramite honek guztiak urtebete-edo iraungo du", azaldu du.

Asier Arronategi, Jon Artola, Mariasun Gorrotxategi,Joseba Urkijo, Ernesto Alberdi eta Felix Garcia iazko uztailean atxilotu zituzten Mexikon, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz. ETAren finantziazio sarearekin zerikusia izatea leporatzen die epaileak, baina eurek akusazio guztiak ukatzen dituzte. Joan den uztailean 23 eguneko gose greba egin zuten beren egoera salatzeko.

Jon Artola, Asier Arronategi, Asun Gorrotxategi, Joseba Urkijo, Ernesto Alberdi eta Felix Garcia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.