Miarritzeko gazte bat hil zuten igandean Brasilen, Curitiba hirian, labankadaz. Herrialde hartako hedabideek jakinarazi dute 20 urte zeuzkala Euskal Herriko gazteak eta Vincent Tomas Melin zuela izena. Orain lau hilabete joan zen Brasilera, ikastera. Parrandan eraso zioten, goizaldera, 03:00etan, taberna batetik irten zenean. Bi gizonen atzetik dabil Polizia, segurtasun kamera batzuek grabatu baitzuten erasoa; oraindik ez dakite nor diren. Gazteari kolpe ugari eman zizkioten gorputz osoan, eta bular inguruan labana sartuta hil zuten. Hildakoaren ama ere Brasilen zen, eta hark identifikatu du gorpua. Euskal Herrira ekarriko dute hilotza. Tramiteak-eta hasi dituzte.
Zer gertatu zen ikertzen ari da Polizia. Hipotesi nagusia da liskarren bat izan zutela hiltzaileek eta Miarritzeko gazteak. Lagunekin taberna batera joana zen 20 urteko ikaslea, rock kontzertu batzuetara. Haien arabera, ordea, bakarrik atera zen kanpora gaztea. Handik aurrerakoa segurtasun kamera batzuek grabatu zuten; irudiak zabaldu ditu Poliziak. Haietan ikusten da nola gaztea atarira atera zen eta atzetik bi pertsona joan zitzaizkion; kolpeka hartu zuten, errepidearen erdian. Bide bazterrean jarraitu zuten erasoan, hil zuten arte. Bitarte horretan, ibilgailu batzuk pasatu ziren errepidetik, baina bat ere ez zen geratu.
Anbulantziak iristerako hila zen 20 urteko mutila. Brasilgo komunikabideek zabaldu dute lau hilabete zeramatzala herrialdean, ikastera joanda. Ez zen bakarrik joan; anaia ere Brasilen zen heriotza gertatu zenean, eta ama ere bai. Aita ere joana da hara, gorpua ekartzeko asmoz. Poliziak hilketa ikertzen jarraitzen du, baina oraingoz ez du inor preso hartu.
Miarritzeko ikasle bat hil dute Brasilen, parrandan zebilela labanaz erasota
Hogei urte zituen hildako gazteak, eta lau hilabeterako joana zen Brasilera; Polizia erasotzaileen bila ari da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu