Miarritzeko (Lapurdi) Jean ostatuko langile batek bideo bat zabaldu zuen sare sozialetan. Bertan, gizona adiskide batekin ageri da, auto batean jarririk. Kanpoaldean, etxegabe bat pasatzen da, puskak eramateko karro batekin. Ostalariak «E, mutil, zer auto polita duzun» oihukatu dio leihotik, irriz. Bideoa anitz zabaldu da sare sozialetan, eta milaka lagunek salatu dute bertan gertatutakoa.
Bi mutilen kontrako mezuak ugaritu dira sare sozialetan, eta kudeatzen duen ostatua boikotatzeko deia luzatu dute. Bestalde, goizaldean pintaketak agertu dira Jean ostatuan. Tripadvisor jatetxeak iruzkintzeko aplikazioan hainbat komentario negatibo zabaldu dituzte ostatuari buruzko iritzi txarrak hedatzeko asmoz.
Herritar zenbaitek diru kutxa bat abiatu dute bideoan ageri den etxegabearentzat. Oraingoz, gizona ez dute identifikatu, baina segurtatu dute Miarritzeko zerbitzu sozialekin harremanetan direla. Dagoeneko 1.153 euro bildu dituzte.