Marc Ailletek arrakastatsutzat jo ditu joan den larunbatean Miarritzen egindako Nazioarteko Biziaren aldeko Topaketak, eta garrantzia kendu dio sexu bereko pertsonen ezkontzaren inguruan sortutako tirabirari. «Duela urte eta erdi ekin genion topaketen antolaketari, eta ez dugu ulertzen zergatik sortu den horrelako zurrunbilo mediatikoa», erran du gaur egindako agerraldian.
Topaketen bi egunetan 800 pertsona bildu direla nabarmendu du Ailletek. Nazioarteko eragile «ospetsuak» izan direla gogorarazi zuen, prentsak horri «aski garrantzirik» eman ez diola gaineratuz. Eskuin muturrarekin lotura hertsiak dituzten eragileen kasua ez du aipatu, bai ordea Elizak sostengua adierazi diela topaketei. Homosexualen ezkontza eta adopzio eskubidea onartzeko lege xedea parlamentuan aztertzen ari direlarik topaketak egitea «kasualitate hutsa» izan da beraz.
Biziaren aldeko diskurtsoan muturreko ikuspegiekin bat egin du Ailletek. «Gurea bezalako demokrazia batean ez da onartzen heriotza zigorra, baina, harrigarria bada ere, abortuaren kasuan heriotza zigorra dugu indarrean». Iruñeko, Bilboko eta Donostiako apezpiku edo kideak izan ziren topaketetan. «Ondoko urteotan txandaka antolatzeko prestasuna helarazi digute».
Kazetariekin liskarra
Prentsak okerreko mezua zabaldu duela erran du Ailletek. Apezpikuaren komunikazio arduradunak urrats bat gehiago egin du, erranez «haien iritziz» kanpoan ez zirela 300 pertsona elkarretaratu protestetan. «Gehienik 250 edo, ez gehienok aipatu dituzuen 500 edo 600 manifestari».
Galderen txandan kazetariek kargu hartu diote apezpikuari; Poliziak 900 manifestari zenbatu zituen topaketen aurkako bi elkarretaratzeetan. Gainera, prentsaren mezua zein izan behar den deliberatzeko kazetariak aski helduak eta profesionalak direla ihardetsi diote. «Ez gaituzu hona ekarri topaketen bilduma egiteko, zuk gure hedabideetan nahi duzun mezua azaltzeko. Kopuruak direnak dira, Frantziako Barne Ministerioak emanik, zuk ematen dituzun datuak plazaratzea datuen manipulazioa litzateke», erran dio argazkilari batek.