Baionako auzitegiak ekainaren 26rako deitu du deklaratzera Frantziako atzerri ministroaren etorreraren harira 2018ko abenduaren 19an izandako istiluetan Lola Villabriga zauritu zuen polizia. Miarritzen (Lapurdi) gertatu zen, G7koen goi bileraren prestaketa lanen aurkako protestetan. Agenteak, aurpegira gomazko pilota bat jaurtita, haustura hirukoitza eragin zion. Iazko urtarrilean jarri zuen Villabrigak salaketa.
Poliziak irekitako txostenari jarraiki, agentea «legeak ezarritako segurtasun betebeharrak ageriki jakinaren gainean hausteagatik» epaituko dute, eta «nahigabe» lanerako hiru hilabete edo gutxiagorako ezgaitasun oso bat eragiteagatik. Urtebeteko espetxe zigorra eta 15.000 euroko isuna jaso ditzake, Mediabask-en arabera.