Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi du herrialdeak "baliabide mugatuak" dituela. Ardurak hartzeko eskatu die beste lurraldeei, eta azpimarratu du Bizkaia "esfortzu handia" egiten ari dela. Bizkaira gero eta migratzaile gehiago joaten direla esan du, eta horregatik eskatu ditu kupoak eta laguntza ekonomikoak.
Atzo, salaketa bat aurkeztu zuen Elkarrekin Podemosek fiskaltzan, Zornotzako adingabeen zentroa "gainezka" dagoela adieraziz. Baina Rementeriak ez du uste irtenbidea denik zentro gehiago irekitzea: "Helburua ez da adingabeak eraikin batean sartzea; konponbidea gizarteratzea da".
Eneritz Madariaga Elkarrekin Podemoseko batzarkideak Bizkaiko aldundiari leporatu dizkio migratzaile adingabeen arretaren inguruko gabeziak. "Aurreikus zitekeen egoera honetara iritsiko ginela, baina beste aldera begiratu duzue. Zifrak hor zeuden, Arartekoak abisatu zuen, baita teknikariek ere". Hain zuzen, joan den ekainean Arartekoak txosten bat argitaratu zuen, eta Zornotzako zentroaren egoera hobetzeko gomendioak eman zituen. Besteak beste, zentro gehiago irekitzea eta hezitzaileen osasun baldintzak babesteko neurriak hartzea.