Konponbide prozesua

Migratzaileak bakea eta gatazkaren konponbidearen alde, Anitzak ekimen berriaren bidez

Gaur aurkeztu dute ekimena. “Guk ere etorkizun baketsu eta askea nahi dugu guretzat. Harro sentitu nahi dugu herri honetan bizitzeagatik eta bertako zati izateagatik”, esan dute.

2007ko urtarrilaren 27a
15:44
Entzun
Ekimen berri bat aurkeztu dute gaur Donostian: Anitzak, Euskal Herrian bizi diren migratzaileek osatutakoa. “Bakea eta gatazkaren konponbide demokratikoaren alde” daudela esan dute eta, horretarako, elkarrizketaren beharra azpimarratu. “Bi muturren arteko elkarlan beharra dago”, Anitzaken ustez, eta “indarkeria eta eskubide urraketak albo batera utzi” behar dira.

Bakeak “irmoa eta iraunkorra” izan behar duela uste dute eta herritarrek “libreki erabakitzen dutena errespetatu” egin behar dela. Hori erdiesteko aukera dago, haien iritziz, “baina Espainiako eta Frantziako estatuek martxan ipinitako prozesuaren oinarrizko arauak etengabe hautsita eta ETAk Madrilen egindako atentatuarekin, erabateko arriskuan jarri dute aukera berri hau”.

Aukera hori berriro probestea, “eragile politiko guztien erantzukizuna da”, Anitzakek gaur esan duenez, “baina baita gizarte eragile denena ere”. Horregatik bildu dira beraiek mugimendu horretan eta “eragile aktibo” izan nahi dute. “Guk ere etorkizun baketsu eta askea nahi dugu guretzat. Harro sentitu nahi dugu herri honetan bizitzeagatik eta bertako zati izateagatik”.

Anitzak ekimenarekin hartu-emanean jartzeko e-posta helbidea: [email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.