Egun gehiagoz geratu ahal izateko zentro bat eskainiko diete umeak beren gain dituzten emakume migratzaileei, bakarrik dauden emakumeei eta gaixorik egon direnei. Berrizen (Bizkaia) jarriko dute, “laster”, Jaurlaritzak iragarri duenez. Migratzaileen “oinarrizko beharrei” erantzun nahi diete zentro horren bidez.
Bilera izan dute gaur erakundeek eta gizarte eragileek, aztertzeko zertan den Andaluziatik barrena iritsitako migratzaileen egoera. Emandako datuen arabera, ia 3.900 laguni kasu egin diete ekainaren 28az geroztik. Orain arte irekitako zentroetan hiru-bost egunez egoteko aukera eskaini diete migratzaileei, eta Berrizen egonaldi luzeagoak egin ahalko dituzte.
Irunen (Gipuzkoa) beste zentro bat zabalik izan dute, eta pintaketa batzuk agertu dira herrian. Eraso hori salatu dute erakundeek eta gizarte eragileek, eta nabarmendu dute salbuespenekoak direla halako jarrerak: “Euskadik beti erakutsi izan du ahulenekiko elkartasuna eta laguntza”.