Migrazioa

Migratzaileen eta giza laguntzaren kriminalizazioa salatuko dute igandean Durangon

Europa mailako Herrien, Pertsonen eta Giza Eskubideen Besarkada ekimenaren parte da deialdia.

Ongi Etorri Errefuxituak plataformaren agerraldia, gaur goizean. MONIKA DEL VALLE, FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko maiatzaren 2a
07:17
Entzun

Herrien, Pertsonen eta Giza Eskubideen Besarkada izeneko Europa mailako ekimena Euskal Herrira iritsiko da igandean. Durango (Bizkaia) aukeratu dute elkar besarkatuz Europako migrazio politikak salatzeko. 12:00etan egingo dute ekitaldi nagusia, Landakon. Gaur goizean aurkeztu du nondik norakoak OEE Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. Torre de Babel andre migratzaileek elkarteko Maria Juncayk, Onintza Enbeita bertsolariak, Ana Urrutia telebistako aurkezleak, Hassinna Aalia saharar ekintzaileak eta Luis Arbide OEEko kideak egin dute berba. Euskal Herriko beste hainbat pertsona ezagunen babesa jaso dute.

Maiatzaren 26an egingo diren Europako Parlamenturako hauteskundeen harira deitu dute ekitaldia. Europako migrazio politikak gaitzetsi nahi dituzte, eta, era berean, migrazioaren aurkako iritziak gero eta hedatuago daudela ohartarazi dute. "Indar handiagoa ari dira hartzen Europan eskuin muturreko indar neofaxistak, migratzaile eta errefuxiatuenganako gorrotoa sustatuz, haiei egotziz gure gizarteetako gaitzen errua", azpimarratu du Onintza Enbeitak. Migratzaileak "kriminalizatzen" direla uste dute; eta baita haiei laguntza ematen dieten eragile eta pertsonak ere. Deitzaileen arabera "muturreko gobernu autoritarioek ez ezik, zentroezkerreko gobernuek ere" berdin jokatzen dute. 

Europako Batasunari giza eskubideetan oinarritutako migrazio politika eskatuko diote. Migratzaile guztiek askatasunez mugitzeko eskubidea dutela gogoratuko dute. Europara iritsitakoan, gainontzeko herritarrek dituzten eskubide beren jabe direla aldarrikatu dute. Migrazioaren auziari aurre egiteko, bestelako konponbide batzuk proposatu dituzte: armak egin eta salerosteari uztea eta merkataritza politikak aldatzea.

Igandeko ekitaldiak 11:30ean hasiko dira: Durangon hainbat informazio gune ipiniko dituzte, parte hartu nahi duten herritarrei ekimenaren nondik norakoak azaltzeko. 11:45etan Ezkurdi plazan elkartuko dira, eta handik zortzi giza kate osatuta, isilik, Landakorantz abiatuko dira, bi bidetatik. Iritsi bitartean Europara bidean hil diren 35.000 migratzaileren izenak irakurriko dira. Landakon giza kateak elkartu eta espiral bat osatuko dute; gero eta gehiago gerturatuko dira, elkar besarkatuta amaitzeko. Amaitzeko, besoak jasoko dituzte, eta txaloak jo, bihotz taupaden soinua simulatzeko asmotan. Besarakadaren ondoren, zortzi giza kateen buru izan diren zortzi pertsonek Unai Iturriagak idatzitako adierazpena irakurriko dute, elkar besarkatuta daudela. 1937ko Durangoko bonbardaketako biktima bat ere tartean egongo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.