Errefuxiatuak

Migrazio politika "kriminala" salatu dute Greziara joan den karabanako kideek

Astelehen gauean itzuli ziren Euskal Herrira Karabana Greziara: Mugak Zabalduz egitasmoko kideak, "helburuak erabat beteta". Errefuxiatuek bizi duten egoera larria salatu eta erakundeak presionatzen jarraituko dute, migrazio politikak alda daitezen.

Euskal Herritik Greziara errefuxiatuen egoera ezagutzera joan den karabanako kideak. MARISOL RAMIREZ
2016ko uztailaren 29a
17:50
Entzun

Uztailaren 15ean, 123 euskal herritarrek Greziarako bidea hasi zuten helburu politiko garbiekin: "Europako Batasunaren migrazio politika kriminalak salatzea, pertsona migratzaileen egoera ikusaraztea, Grezian dauden migratzaileei elkartasuna agertzea, eta lanean jarraitzeko sareak indartzea". Helburu horiek "erabat" bete dituztela adierazi dute gaur egindako prentsaurrekoan; bidaia osteko ondorioak eta eskakizunak ere azaldu dituzte.

Bereziki Europako Batasunaren eta Turkiaren arteko harremana apurtzeko eskatu dute karabanakoek. Espainiari ere bi kritika nagusi egin dizkiote: errefuxiatuak jasotzeko hartu dituen konpromisoak ez betetzea, eta hegoaldeko muga kudeatzen ari den modua. Europako, Espainiako eta Euskal Herriko erakundeen politiketan eragin nahi dute, finean, errefuxiatuen eskubideak errespeta daitezen. "Gure ustez, eta Genevako Konbentzioen arabera, pertsona guztiek dugu bizitza duinaren bila mugitzeko eskubidea; eta zeresanik ez, horretarako arrazoia gerratik, gatazka armatutik, inguruguriro katastrofeetatik edo genero indarkeriatik ihes egitea bada". Gainera, errefuxiatu eta migratzaileen arteko bereizketa gainditu nahi dute: "pertsona guztiak gara pasaerakoak".

Agenda politikoean egon beharra

Etengabekoa behar du lanak karabanako kideen ustez: "Ezin dugu errefuxiatuen errealitatea egun bakar batez ahaztu, agenda politikoan eta komunikabideetan egon behar da". Bidaiarekin oihartzuna eskuratu dutela esan dute, baina ez dutela lortu migrazio polikak aldatzerik. "Baina dena ez dago politikarien esku eta gure herri eta auzoetan sareak sortzen hasi gara".

Bidaia antolatzen lagundu duten Gasteiz Irekia taldea eta Iruñea Harrera Hiria herri egitasmoak ere gaia lantzen ari dira, eta hainbat herritan karabana hauspotzeko egindako ekitaldiek ere erakusten dute auziaren garrantzia. Herritarren lanaren adibide gisa jarri dituzte harrera hiri eta auzoen sorrerak; esaterako, bidaian zehar, Iruñea eta Bartzelonako Poble Noun egon ziren, Joseba Asironen eta Ada Colauren agurra jasota gainera. Eta pozik daude Euskal Herrian jasotzen ari diren erantzunarekin ere: "Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren banderek lortu duten zabalpenak erakusten du herritarrek ez dituztela egungo migrazio politikak babesten".

Egoera larria, errefuxiatu zentroetan

Bartzelonan bildu zirenekin, 5 autobus bete zituzten, eta 260 pertsona joan ziren Greziaraino. Greziako Tesalonikan, migratzaileak eta europar aktibistak batuta, 1.000 pertsona baino gehiago bildu zituen No Border egitasmoak. Haren, bidez, Euskal Herritik ateratako karabanakoek errefuxiatuentzako bestelako bizilekua aurkitu bitarteko zentruak bisitatu zituzten, eta azaldu dutenez, "osasunarentzat oso kaltegarriak" dira bertako baldintzak. Bero, elikagaien egoera eskas eta gaixotasunen ondorioz, gazte afganiar bat hil berri dela kontatu dute.

Xhanti eta Paranestin hesiz josita dauden migratzailentzako atxiloketa zentroetara ere hurbildu ziren, eta Melillako CIE Atzerritarren Atxikitze Zentroekin konparatu dituzte. Idomenin ere egon ziren, eta jada bertan ezer ez dagoela baieztatu dute. Espainiako kontsulak "era txarrean" hartu zituen, eta onartu zuen Espainia ez dela bere erantzukizuna betetzen ari. Migrants Pride manifestazio jendetsuan parte hartu zuten, eta Grezian dagoen elkartasuna azpimarratu dute. Esaterako, greziarrak eta migratzaileak elkarrekin gune autogestionatuak sortzen ari dira. Karabanakoek gogoratu dutenez, atzo poliziak halako hiru gune hustu eta 100 pertsona atxilotu zituen, tarean bi nafar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.