Migrazioa

Migrazio politiketarako "estrategia partekatua" eskatu dio Urkulluk Junckerri

Eusko Jaurlaritzak adierazi du Frantzia ez dela migratzaileak legez kontra kanporatzen ari, gobernuak dakiela.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, prentsaurreko batean. Artxiboko irudia. MONIKA DEL VALLE, FOKU
2018ko abuztuaren 8a
07:14
Entzun

Europako Batasuneko erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren iritziz, migrazio politika egokiak ezartzeko. Ildo horretan lan egiteko eskatu dio Urkulluk Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteari, eskutitz bidez, eta epe labur, ertain eta luzerako "estrategia partekatua" garatzeko eskatu dio. Horrez gain, egoerak "hasunarketa sakona" behar duela ohartarazi du.

Urkulluren esanetan, Europako Batasunak "egungo egoera eta aurreikusitako garapena identifikatuko dituen eta beharrak eta eskuragarri dauden baliabideak kalkulatuko dituen ekintza plan bat" behar du, "nazioarteko komunitatearen konpromiso kolektibo" bat bultzatuko duena, "pertsona migratzaileen jatorrizko herrialdeetan" neurriak hartzeko. Eusko Jaurlaritza ahalegin horretan ekarpena egiteko prest dagoela jakinarazi du.

Idatzi horretan, migratzaileen mugetako kudeaketa —estatuetako gobernuen eskuduntza dena— legearen araberakoa izan dadila galdegin du Urkulluk. Migratzaileen "bermeak eta giza eskubideak" ere errespeta daitezela eskatu du.

Gai horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzak adierazi du Frantzia ez dela ari migratzaileak mugan bertan kanporatzen, gobernuak dakiela. "Frantziako polizia migratzaileak Espainiako Poliziaren esku uzten ari da Atzerri Gaietarako arloan bi estatuen arteko akordioek jasotzen dituzten prozedurei jarraituz, eta hiru bide aurreikusten dituzte: mugan ez onartzea, Schengen berronartzea (muga gurutzatu dutenetik lau ordu baino gehiago igaro badira) eta berronartze sinplifikatua (muga gurutzatu dutenetik lau ordu igaro ez badira)".

Jaurlaritzak azaldu du migratzaileen kanporatzeak eta erabaki horien gaineko jarraipenak bere eskuduntzak gainditzen dituela. Urkulluk Junckerri bidalitako eskutitzean egin bezala, Jaurlaritzak ere migratzaileen mugetako kudeaketa legediaren arabera egin dadila eta migratzaileen berme eta giza eskubideak errespetatu ditzala eskatu du.

Bestalde, Jaurlaritzak nabarmendu du bidean diren eta Euskal Herrian gelditzea erabakitzen duten migratzaileei erantzun "humanitarioa eta justua" emateko lanean ari dela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeekin elkarlanean, dagozkien eskuduntzen baitan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.