Hamabost urte bete dira gaur ETAk Ermuko PPko zinegotzi Miguel Angel Blanco hil zuela, eta, hori gogoan, Blanco omendu du PPk Ermuan, lore eskaintza bat eginda, eta bihar Ermuko Udalak oroituko du.
"Blanco hil zuen pistola garaitu dugu", esan du Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak, "eta orain ideia antidemokratikoak garaitzea falta da".
ETAk 1997ko uztailaren 10ean bahitu zuen Blanco, Ermuan. 16:00etan egindako dei baten bitartez, 48 orduko epea eman zion Jose Maria Aznarren gobernuari euskal presoak Euskal Herriratzeko, zinegotzia aske uztearen truke; gainontzean hil egingo zuela mehatxu egin zuen.
Aznarren gobernuak, Jaime Mayor Oreja Barne ministroa buru zela, ez zuen "ETAren xantaia" onartu. Ultimatuma amaitu eta 50 minutura, Lasarte-Oriako kanpoaldean agertu zen Blanco, bi bala zaurirekin. Donostiako erietxe batera oso larri eraman zuten, eta han zendu zen.
48 ordu horietan manifestazio andana egin zen Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan. Hainbat lagun —tartean, Adolfo Perez Esquivel— alderdi politiko, Elkarri eta beste eragile batzuk bitartekaritzan ahalegindu ziren.
Laura Mintegik dio "tragedia ikaragarria" izan zela hilketa
Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiak gaur Euskadi Irratian esan du Blancoren hilketa "Euskal Herriak bizi izan zuen tragedia ikaragarria" izan zela.
Haren arabera, "indarkeria batek beste bat elikatu du espiral baten gisan", baina orain egoera horri "buelta emateko aukera eta modua" dago. Indarkeria horiek bukatzeko hainbat "elementu desaktibatu" behar direla iritzi dio Mintegik, eta hor kokatu ditu ETAk armak utzi izana eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrina onartezina dela esatea.