politika

Miguel Sanz: "Krisiaren ondorengo garaian dago Nafarroa"

Ekonomiari buruz PSNrekin, enpresaburuekin eta UGT eta CCOOrekin lortutako akordioak goretsi ditu. Nafarroaren egoerari buruzko azken saioa izan du gaur lehendakariak. NaBaik eta PSNk kritikatu egin dute Sanzen hitzaldia.

2010eko urriaren 21a
17:51
Entzun
Nafarroako erkidegoaren egoerari buruzko azkeneko saioa izan du Miguel Sanz gobernuko lehendakariak gaur parlamentuan -ez da berriro izango lehendakarigai-, eta baikor mintzatu da egindako lanaz, "krisiaren ondorengo garaian dagoelako Nafarroa". Haren arabera, kontu publikoen egoera "sendoa" da, eta ekonomia pribatua bultzatzeko balio du horrek.

"Krisi ekonomikoak baldintzatu du legealdi hau, eta kudeaketan, gastuan eta sormenean ahalegin handia egitea suposatu digu. Akordio politiko eta instituzionalak lortu ditugu, enpresaburu eta sindikatuekin [UGT eta CCOOrekin] ere bai. Izaera horrekin segitu beharra dago", esan du. Halaber, PSNren babesa eskertu du -oposizioan dago PSN, baina urtero babestu ditu gobernuaren aurrekontuak-.

Haren arabera, Nafarroak du Espainiako Estatuko erkidegoen artean urtearteko hazkunderik handiena: %1,5ekoa. "Izan ere, beste guztiek baino azkarrago eta hobeto jokatu dugu".

Ordubete eta hiru ordu laurdenez mintzatu da Sanz.

Kritikak

Patxi Zabaleta Nafarroa Baiko parlamentariak kritikak egin dizkio lehendakariaren hitzaldiari, "gezurra baita Nafarroa krisitik atera dela. Krisian dago Nafarroa, eta krisian dauden lagunak ahaztu egin ditu Sanzek. Harrotasunez betea izan da haren hitzaldia, iraingarria kasu batzuetan eta azalekoa besteetan". NaBaiko kidearen arabera, gainera, "gobernuak bakegintza eta normalizazio politikoaren arloan ez du ezer onik egin".

Roberto Jimenez PSNko parlamentariak ere Sanzen aurka hitz egin du. "Lehiakortasunaren gaia baino ez du planteatu, eta horretan ere ez du sinesgarritasunik. Hau ez da legealdiaren bukaera bakarrik; aro baten [UPNren agintearen] bukaera da. Erretiroan dagoen gobernua da".

Erantzuna

Oposizioko kideek esandakoak entzun ondoren, Sanzek berriro hartu du hitza, eta Patxi Zabaletari "iraganari lotuta" egotea leportau dio: "XIX. mendeko pentsamenduei lotuta zaude, beti lurraldetasuna eta subiranotasuna defenditzen", aurpegiratu dio. Gainera, normaltasun politikoaz hitz egin beharrik ez dagoela esan dio, "politika erabateko normaltasun demokratikotik egiten delako, ez dago normalizatu beharrik".

"Bakegintzarena bide onean" dela ere esan du, eta horregatik ez duela bere lehen hitzaldian aipatu: "Inork ulertu ez dezan irabazi politikorik atera nahi dudanik". Sanzek esan du bakea UPNren babes, ahalegin eta sakrifizioari esker iritsiko dela esan du, "eta ez UPNren atsekaberako". Azkenik, UPN "beti terrorismoaren aurka dagoela" berretsi du, eta kontraprestaziorik duen negoziazio ororen aurka ere bai. "Bakearen alde gaude, gure autogobernuaren defentsaren alde".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.