Kontuz elkarteak iragarri du herri akusazio modura aurkeztuko dela Osasuna auzian, eta salaketa bat aurkeztuko duela Nafarroako eta Osasunako agintari ohi horientzat. Miguel Sanz Nafarroako presidente ohia eta Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohia prebarikazioagatik salatuko ditu. "Hau ez da partida erosketen kontu huts bat. Funtzionario publiko eta politikariak daude nahastuta", esan dute elkarteko ordezkariek gaur goizean, Iruñean. "Osasuna ustelkeriaren putzuan murgiltzeko gobernuko norbaiten laguntza izan bazuten, horrek epaitegietan amaituko du".
Nafarroako foru erkidegoko zerga bilketaren araudiaren arabera, 1,5 milioi eurotik gorako zerga atzerapenak Nafarroako Gobernuarekin akordio bat hitzartzeko beharra exijitzen du. Gainera, atzerapena onartuz gero, kopuru bereko finantza erakunderen baten bermea aurkeztu behar du zordunak, eta abalik ezin badu aurkeztu, hipotekaren bat edo bestelako edozer aurkeztu behar luke. Hori gobernuak foru agindu bidez onartu behar du. Osasunaren kasuan, ez da halakorik. Ez da ezer jakinarazi ez legeak derrigortutako akordio horri buruz, ez abalei buruz, baina zorra 53 milioi eurorainokoa da.
Iruñeko klubaren "egora penagarriaren" erantzule nagusia Nafarroako Gobernua izan dela salatu du Kontuz-ek, eta, zehazki, UPN jo du erantzule nagusitzat, "Yolanda Barcina buru". Horrez gain, PSN eta PP ere erantzule direla azpimarratu dute: "Agerikoa da". Nafarroako Fiskaltzaren jarrera ere salatu du, eta gobernua bezala pasibotasun lotsagarriarekin jokatzen ari direla esan du.
Auzibideak aurrera egiteko tartea baduela uste du Kontuz-ek, eta gaineratu du Osasuna legea onartu zutenei erantzukizuna eskatzea ere aztertzen ari dela, "auditoria zorrotz bat ere eskatu ez zutelako". Osasunak 53 milioi euroko zorra zuen Nafarroako Ogasunarekin eta zor horren kobrantza nola atzeratu den salatu dute. "53 milioi euroko zorra izan arren, epea luzatu zitzaion, eta legea onartu zen". Lege hori UPNk, PSNk eta PPk onartu zuten joan zen udazkenean, eta horren bitartez zorraren zati handi bat klubaren ondasunekin ordainduz kitatzeko aukera eman zioten, kanpo txostenik eskatu gabe, klubaren eskaintza bere eginez.
Lege horretan onartu zen Osasunak bere ondasunak ematea Ogasunari —besteak beste, Taxoare eta Sadar futbol zelaia—, eta hark abantailazko alokairu prezioan itzultzea. Gainerako zorraren ordainketa itzultzeko ere abantailazko baldintzak ezarri zituen. Legea onartu aurretik, parlamentuko zerbitzu judizialek ohartarazi zuten "faborezko tratua eman izanaren susmoak" egon zitezkeela, eta esan zuten hobe zela Nafarroako Ogasunaren esku uztea Osasunaren zorra moldatzeko eginkizuna, "Europako Batasuneko lege irizpideen arabera".