Mikel Araguas (Andalucia Acoge): "Jendeak badu migratzeko eskubidea, baina ez migratzekoa ere bai"

Andalucia Acoge federazioko bozeramailea da Mikel Araguas (Bilbo, 1974). Federazioa 1991n sortu zen; "beharbada Espainiako plataformarik zaharrenetako bat da", Araguasen hitzetan, eta hiru arlotan lan egiten dute: etorkinei mota guztietako babes eta zerbitzuak eskainiz, sentsibilizazioa landuz eta esparru politikoan eragiten saiatuz. Zortzi elkarte eta 21 harrera gune biltzen dituzte, eta bertan 400 lagun inguruk lan egiten dute 15.000 etorkini laguntzeko.

gotzon hermosilla
2014ko martxoaren 14a
17:40
Entzun

Zer balorazio egin duzue Ceutan gertatutakoaren gainean?

Ezer baino lehen, azalpen argiak eta gardentasuna eskatu behar ditugu, ez baita serioa Barne ministroa bost astez egotea bertsio desberdinak ematen. Badirudi orain esan duela gomazko pilotak jaurtitzea ez zela ideia egokia izan. Bejondeiola. Hori hasieratik genekien, baina tematu zen oso neurri egokia izan zela esaten. Eta neurri berean kritikatzen dugu Marokoko Poliziaren jarrera.

Baina, era berean, uste dugu gogoeta ez dela horretan gelditu behar, egun berean beste gorpu batzuk agertu zirelako Andaluziako hondartzetan; 1.200 pertsona saiatzen ari ziren Lampedusara [Italia] iristen, eta Tangerretik ateratako ontzi bat, 32 pertsona zituena, desagerturik zegoen. Horrek guztiak argi erakusten du Europako migrazio politikak ez duela balio.

Zergatik?

Hogei urte daramatzagu mugak kontrolatzen. Hesiak eraiki zituzten 1996an krisi bat zegoelako, 1999an hiru metroraino goratu zituzten beste krisi bat zegoelako, berdin egin zuten 2005ean, eta berdin jarraitzen dugu. Beharbada, iritsi da unea pentsatzeko zerbait gaizki egiten ari garela, eta Italian, Grezian eta Bulgarian gauza bera gertatzen bada utzi beharko diogula migrazioaz gogoratzeari soilki ate-joka ari denean, eta ondorioei ekin beharrean, jatorrizko arrazoiei ekin.

Zuen ustez, zeintzuk izan beharko lukete migrazio politika egoki baten oinarriak?

Lehen esan bezala, ondorioetan gelditu beharrean zergatietara jo beharko genuke. Espainian, migrazioa jaitsi da iparraldean krisi egoera batean murgildurik gaudelako baina, aldi berean, horrek bat egin duelako hegoaldeko zenbait herrialdetan, Latinoamerikan esaterako, garapen ekonomikoko eta egonkortasun politikoko garai batekin. Hegoaldea garatzeak etorkinak hegoaldera itzultzea dakar. Horrek zer pentsaturik eman beharko liguke.

Bidea, beraz, hortik ikusten duzue.

Lampedusan hil zirenetatik asko Etiopia eta Eritrea aldetik zetozen. 30 urte dira han ezkutuko gerra pairatzen ari direla; beharbada hango gerra, edo Siriakoa, amaituta egongo balitz jendeak ez luke alde egiteko hain behar gorria izango. Jendeak migratzeko eskubidea izan behar du, baina hori bezain garrantzitsua da ez migratzeko eskubidea, eta hori lortzen da soilki garapen ekonomikoa eta giza eskubideen errespetua bermatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.