Euskalerria irratiak aurreratu duenez, Mikel Aranburu Zudaire izango da Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria; hau da, Nafarroako hizkuntz politika gidatzeko arduraduna. Bi hilabetetik gora hutsik egin ditu postuak eta, azkenean, Aranburu Zudairek beteko du. Iruñearra da, 1963koa.
Irakaslea da lanbidez, eta Bigarren Hezkuntzan aritu izan da betidanik, Filosofian. Azken lau urteak Iturrama Iruñeko Institutuan egin ditu; bertako ikasketaburua da.
Legea aldatuko ez den arren, bere asmoa Nafarroako hizkuntz politika aldatzea dela agertu du Aranburu Zudairek, eta benetan euskararen aldekoak diren politikak abian jartzea. Aitortu du herrialdeko Gobernuak azken urteetan egindako lana ez dela ona izan.
Besteak beste, Euskalerria irratiak lizentziarekin duen arazoa konpontzeko borondatea adierazi du. Lizentzia lehiaketa eginen dutela dio, eta euskarazko irrati batentzako lizentzia egonen dela. Aranburu Zudaire bera Euskalerria irratiko bazkidea da aspalditik, eta hedabidearen egoera hobetu behar dela jarri du kargu berria onartzeko baldintza moduan.
Duela bi hilabete, Carlos Perez Nievas (CDN) Nafarroako Hezkuntza kontseilariak Euskararen Nafar Institutuaren sorreraren berri eman zuen. Erakundea Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politika garatzeko sortu zen, eta hori zuzentzeko euskal kulturaren munduko norbait izendatuko zuela jakinarazi zuen kontseilariak. Geroztik hainbat laguni eskaini die postua, baina aldi oro erantzuna ezezkoa izan da.
Nafarroa Bairen ustez, indarrean dagoen zonifikazioa hor egonda, euskararen institutuak "nekez izan dezake sinesgarritasunik Nafarroako euskal hizkuntz komunitatean".
Euskara
Mikel Aranburu Zudaire izango da Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria
Irakaslea da lanbidez, eta egungo hizkuntz politika aldatzeko asmoa agertu du. Iruñeko =l Euskalerria==http://www.euskalerriairratia.com/=l irratiak aurreratu du albistea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu