komunikabideak

Mikel Atxaga kazetaria hil da

Euskaltzaleak idazle eta itzultzaile lanak ere egin zituen. 77 urte zituen. "Ez dut erdaraz dihardutenen aurka ezertxo ere, baina gaur euskaraz dihardutenak nahi ditut zoriondu eta eskertu, biziki eta bereziki", zioen apirilean, berari buruzko lanaren aurkezpenean.

2009ko irailaren 11
16:44
Entzun
Euskal prentsak kazetari ezagun bat galdu du: Mikel Atxaga (Urnieta, Gipuzkoa; 77 urte) hil da. Frankismo garaian maiz idatzi zuen goitizen batzuekin. 1971n Zeruko Argia aldizkarian hasi zen, eta 1977tik 2007ra, berriz, Deia egunkarian euskarazko artikuluak idazten aritu zen, erretiroa hartu arte.

Aurtengo apirilaren 1ean Elixabete Garmendiak hari buruzko lana aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzaren Bidegileak bilduman. Hain zuzen, Atxaga bera izan zen bildumako koordinatzaile eta zuzendaria hamahiru urtean.

"Ez dut erdaraz dihardutenen aurka ezertxo ere, ez ditut gaztelania bakarrik nahi dutenen esku nahi erdal komunikabideak; erdaraz ere entzun nahi dut abertzale eta euskaltzaleen mintzoa, baina gaur euskaraz dihardutenak nahi ditut zoriondu eta eskertu, biziki eta bereziki; zailtasunak zailtasun eta tentaldiak tentaldi, Anduk [Anjel Lertxundi] eta beste askok bezala euskarari eusten diozuen idazle, irakasle, kazetari, kantari eta gainontzeko guztioi eskerrik beroenak". Hala zioen Mikel Atxagak joan den apirilean bere lanari buruzko aurkezpenean (Xabier Euzkitzek irakurri zituen haren hitzak).

"Gazterik hartu nuen euskaldungoaren zerbitzuan euskaraz bizi eta lan egiteko erabakia, eta ametsa egia suertatu zait. Nire esker onak ez du bukaerarik".

Elixabete Garmendiak zioen Atxagak "lana pasioz bizi" izan zuela. "Senezko kontalaria da, hitzez eta idatziz. Senak egin du abertzale, euskaltzale eta herrizale".

Idazlea ere izan zen. Gaztetxo (1963), Ezkontza bidean (1966), Deiadarrak (1993) eta Xalbador (1993) dira hark idatzitako liburuak. Itzulpenak ere baditu.

Atxagak Argiaren Merezimenduzko saria jaso zuen 2009an. "Ikurriña edukitzea bera delitu zen garaietan, Francoren diktadurak euskarazkoizenak jartzea bera ezinezko egiten zuenean, ez partidu politikorik eta ez sindikaturik ez zenean, legezko hiru hitzengatik gobernuak bat espetxera zezakeenean, edo aldizkari bat itxi edo multa gogorrez zigortu, garai trumoitsu

haietan kazetaritza egin zuen gure gizona" izatea saritu zion komunikabideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.