Guardia Zibilak ETAko bi kide atxilotu dituela jakinarazi du Espainiako Barne Ministerioak, Europa Press berri agentziak arratsaldean berri eman duenez. Berlinen, "ETAko egitura klandestionaren kontra egindako operazioa" litzateke iturri horien arabera. Gaur goizean bertan abiatu dute, Exodus izena jarri diote, eta irekita jarraitzen duela jakinarazi dute. Izenik ez dute zabaldu hasiera batean, baina Berlingo Poliziaren oharraren arabera, 29 eta 37 urte dituzte atxilotuek. Sortuk jakinarazi duenez, Mikel Barrios iruindarra eta Iñigo Gulina burlatarra dira atxilotutakoak.
Nortzuk diren argitzearekin bat salatu egin du Sortuk polizia operazio hori. Atxiloketak ETA erakundea desmobilizazioaren inguruko gogoeta egiten ari denean etorri direla nabarmendu du, eta Espainiako Gobernuaren jarrera gaitzetsi: "Eginahal guztiak egiten ari da bakera garamatzan edozein aurrerapauso zapuzteko. Komentzituta gaude edozein desmobilizazio prozesu oztopatu nahi duela, armagabetzearekin egin zuen moduan".
Sorturen iritziz, "kartzelak husteko garaia" denean, Madrilek "gerra-logikan" jarraitzen du "espetxeak bete nahian tematurik".