Azken boladan Aralarren eta Batasunaren arteko harremanak hobetu egin direla onartu du Mikel Basabe Aralarreko bozeramaileak. "Harremanak lehenago zirenak baino hobeak dira, eta hori poztekoa da. Batez ere, Bergarako proposamena dela eta, Aralar eta Batasuna hurbildu egin dira, eta horren adierazpen grafikoa ere badago. Aralarren eta Batasunak hitzarmenerako gutxienekoak aurkitu dituzte", esan du.
Ildo horretatik, Aralarren erronka nagusietako bat, "hasiera-hasieratik", ezker abertzalearen jardun bateratua lortzea dela adierazi du Basabek: "Telesforo Monzonek esaten zuen legez, Maltzagarako bidea egin behar dugu, baina kontua da, Maltzagarako bide hori egin behar dugula ezkerreko abertzaleok. Maltzaga Bergaratik nahikoa hurbil dago; oraindik ez gara ailegatu, baina hurbil dago", azpimarratu du.
Nolanahi ere, ezker abertzalearen bateratzea eragozten duen arazo nagusietako bat ETAren jarduna dela onartu du Basabek; hain zuzen ere, joan den astean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Aralarren eta Zutik-en arteko koalizioa aurkeztu zutenean, su-etena eskatu zioten ETAri. Batasunak eta Bergarako Proposamenaren sustatzaileek, berriz, azkenaldion behin eta berriz iradoki dute proposamen hori aurrera aterako balitz ETAren su-etena etor daitekeela. Batasunaren ingurutik datorren planteamendu hori, ordea, ez zaio guztiz egokia iruiditzen Basaberi; hain zuzen, ordena gaizki ezarria dagoela uste du. "Ordena txarto ezarrita dago. Erantzunkizun politiko historikoa eskatu zaigu gainerako alderdi politikooi, eta iruditzen zait erantzunkizun bera eskatu behar zaiola ETAri. Momentu honetan oso argi dago oztopo dela, mesede barik kalte egiten digula. Hori horrela izanik, ETAk erantzunkizun historikoz jokatzea litzateke mahai gainetik trabak kentzea, eta horixe da Aralarrek eta Zutik-ek eskatu dioguna".
Batasunak Nafarroa Bai-ri egindako hauteskunde arloko elkarlanerako proposamenari dagokionez, Basabek esan du koalizioa osatzen duten lau alderdien artean —Aralar, EA, EAJ eta Batzarre— iritzi diferenteak daudela, eta koalizioak hartuko duela azken erabakia. Dena dela, argi utzi du Aralarrek koalizio horri Batasunaren indarrak metatzeko ahaleginak egiten segituko duela.
Politika
Mikel Basabe: "Bergarako Proposamena dela eta, Aralar eta Batasuna hurbildu egin dira; hitzarmenerako gutxienekoak aurkitu dituzte"
Aralarren helburuetako bat "ezker abertzale osoaren jardun bateratua" dela adierazi du gaur Mikel Basabe alderdi horretako bozeramaileak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Ildo horretatik, Bergarako Proposamenak Aralarren eta Batasunaren jarrerak hurbiltzeko balio izan duela agertu du Basabek. Nolanahi ere, ETAren jarduna ildo bateratu horretarako oztopo dela esan du, eta ardura historikoz jokatzeko eskatu dio erakunde armatu horri. Nafarroa Bai-ri dagokionez, koalizio horri Batasunaren indarrak gehitzeko ahaleginak egiten segituko duela Aralarrek nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu