Azaroan egingo ditu Nafarroako Ahal Duguk foru hauteskundeetan zerrendaburu izateko hauteskunde primarioak. Gaur goizean, Mikel Buil Ahal Duguko parlamentariak primaria hauetan aurkeztuko dela adierazi prentsaurreko batean.
Prentsari egindako adierazpenetan erran duenez, Ahal Dugurentzat heldutasunera heltzeko garaia da oraingoa: "Ahal Dugu barruan garai berri batean gaude, heldutasunera heltzeko garaian eta jende askok garai berri honetan lider izatera animatu nau".
Primarioetara aurkeztuko duen hautagaitza ez dela egungo zuzendaritzako kideez osatuta egongo adierazi du Builek. Alderdiaren barruan "integraziorako" mezua zabaldu du eta hautagaitzan profil eta sentsibilitate ezberdinetako jendeak bat egingo duela gaineratu. Hala ere, hautagaitza "feminista" eta "herrikoia" izango dela nabarmendu du.
Eduardo Santosek Irailaren 27an Nafarroako Parlamentuan aurkezteari uko egin ondotik aurkeztu den lehen hautagaitza izan da Builena.
Zatiketa hizpide
Gaur egun Ahal Duguren barruan dagoen zatiketa ere izpide izan du Builek. Zatiketa hau ez gertatzeko ahal zen guztia egin duela erran du Builek baina onartu du berriro bat egitea zaila dela. "Legegintzaldi hau bukatzeko gutxi gelditzen da eta egindako saiakera guztiek egoera honetara eraman gaituzte. Nik beti lan eginen dut harreman onak izan daitezen" adierazi du.