Mikel Egibar euskal presoaren neska-laguna eta bi seme-alabek auto istripu bat izan dute gaur eguerdian Espainian, eta erietxera eraman dituzte, Etxerat elkarteak arratsaldean jakinarazi duenez. Hura Zuerako espetxean (Aragoi, Espainia) bisitatzetik zetozen Euskal Herrira; erkidego hartan bertan izan dute ezbeharra: Zaragozan. Kamioi batekin izan dute istripua eta suhiltzaileek atera behar izan dituzte autotik.
Hirurak Zaragozako erietxeetan dauzkate: bikotekidea eta hamalau urteko semea Zaragozako Klinikoan, eta hamabi urteko alaba Miguel Servet ospitalean. Bi aurrenek jasan dituzte istripuaren ondorio larrienak, eta larri daude, baina egonkor, Etxerat-ek dioenez. Alaba ere egonkor dago.
Etxerat elkarteak gogoratu duenez, sakabanaketa politikak 2012an eragin duen bederatzigarren istripua izan da. "Ezin dugu horrela jarraitu; senideok gure bizitza etengabe arriskuan jartzen dugu, eta kasu honetan argi erakusten du sakabanaketak arrisku horretatik ez duela inor kanpoan uzten, ezta umeak ere", esan du elkarteak ohar batean. Bihar prentsaurreko bat emango du Bilbon, 11:00etan.
'18/98 auzian' zigortua
Zizurkilgoa da Egibar, eta 18/98ko auzian jarri zioten kartzela zigorra. 2009ko maiatzean Espainiako Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren zigorrak berreikusi, eta Egibarren aurka bederatzi urte eta erdikoa zehaztu zuen. Xaki nazioarteko taldeko zuzendarietako gisa jo zuten.