Atxiloketak

Mikel Garmendia atxilotu dute Villabonan arratsaldean

16:30ak aldera hortz kliniko batetik irtetean atzeman dute burua estalitako lau poliziak. Manex Castro igandetik inkomunikatuta du Ertzaintzak, eta Torturaren Aurkako Taldeak salaketa jarri du Arartekoaren bulegoan.

2009ko martxoaren 4a
22:06
Entzun
Poliziak beste lagun bat atxilotu du gaur Villabonan (Gipuzkoa): Mikel Garmendia. Igandean han bertan Manex Castro atzeman zuen Ertzaintzak, ETAko kidea delakoan, eta harekin lotuta dago ustez gaurko atxiloketa. 16:30ak aldera izan da. Garmendia hortz kliniko batetik irtetean atzeman dute burua estalitako lau poliziak. Castroren kuadrilakoa da hura, BERRIA.INFOk jakin duenez.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak hedabide honi esan dio ez dakiela ezer atxiloketaz, edo, bestela, ez diela oraindik jakinarazi. Berri agentziek diote Ertzaintzak egin duela atxiloketa.

Atzo beste bi gazte atxilotu nahian aritu zen Ertzaintza Hernanin (Gipuzkoa), Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) zioenez: Beñat Aginagalde eta Ugaitz Errazkin. Haien etxebizitzak eta etxabe bat miatu zituzten.

Castrok -24 urte- inkomunikatuta segitzen du, ertzainen esku, eta familiak ez du haren berririk. Bihar eramango dute Espainiako Auzitegi Nazionalera, AAMk esan duenez. Goizez eramaten badute, Eloy Velasco epaileak hartuko du, arratsaldean Santiago Pedrazek.

Poliziaren arabera, urtarrilaren 16an Hernanin ustez Ertzaintzaren aurka ETAk egindako atentatu saioarekin zerikusia du hark. ETAk orduan Santa Barbara auzoan telebista hedagailuaren aurka bonba leherrarazi zuen eta han inguruan beste bi lehergailu jarri zituen -ez ziren lehertu-. Polizia iturriek esan zuten Ertzaintzaren aurka jarritako bonba-tranpak zirela.

AAMren salaketa

Castro igandetik inkomunikatuta dutela-eta, AAMk bere kezka adierazi du. "Benetako kezka adierazi nahi dugu une hauetan Manex jasotzen ari daitekeen tratuaz. Gogor salatu nahi dugu ez senideek, ez konfiantzazko medikuek, ez abokatuek ez dutela aukerarik izan berarekin inolako harremanik izateko. Benetan salagarria deritzogu nazioarteko erakundeetatik inkomunikazioaren aurka inoiz baino ozenago hitz egiten ari diren honetan Ertzaintzak berriz inkomunikatzeko erabakia hartu izana. Argi dugu erabaki honen atzean EAJ dagoela; beraz, Ibarretxeri, Balzari eta Urkulluri zuzenean galdetu nahi diegu zein helbururekin hasi den Ertzaintza inkomunikazioa erabiltzen hiru urteren ondoren".

TAT Torturaren Aurkako Taldeko kide Ane Ituñok galdera zuzenak egin dizkio Eusko Jaurlaritzako Barne Sailari: "Zergatik orain, hiru urteren ondotik, berriro inkomunikazioa ezarri diozue pertsona bati? Zeri erantzuten dio horrek?". Atxilotuen giza eskubideak bermatzeko exijitu dio Ertzaintzari. Gisa berean, Arartekoaren bulegoan salaketa jarri du TATek.

Horiek hala, Villabonan izango diren ondorengo mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du AAMk: gaur 20:00etan udalbatza orokorra egingo da, eta gertaeren gaineko mozioa aurkeztuko dute; ondoren manifestazioa egingo dute herriko kaleetan.

Bihar Madrilera, Auzitegi Nazionalera, joateko autobusa aterako da, senideei eta Castrori berari elkartasuna adierazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.