euskal presoak

Mikel Ibañez errefuxiatu eta preso ohia hil da

Bere osasun egoera dela eta, kontrolpean zegoen aske 2008ko maiatzetik; osasun arazo larria izan arren, 2010ean hilabete batez preso izan zuten.

2011ko apirilaren 8a
19:49
Entzun

Mikel Ibañez preso ohia gaixotasun larri baten ondorioz hil da. Atzo aurkitu zuten gorpua, Eibarren (Gipuzkoa) zuen etxean, eta bihar goizean agerraldia egingo dute Ibañezen senideek, Amnistiaren Aldeko Mugimenduarekin batera. Ibañez kontrolpean zegoen aske, bere osasun egoera dela eta.

2008. urtean egin zuen okerrera Ibañezen osasun egoerak. Espetxean zela ospitaleratu egin behar izan zuten, eta minbizia zuela jakin zuen orduan. Ebakuntza egin eta espetxera eraman zuten berriro. Diabetesa eta psoriasia ere izan zuen, eta tratamenturik ez zuela jaso salatu dute.

Osasun egoera aintzat hartuta, 2008ko maiatzean jarri zuten kontrolpean aske. 2010eko uztailean bihotzekoak jota sartu zuten Donostiako ospitalean, baina abuztuan berriro atxilotu zuten, dagoeneko osatuta zegoela argudiatuta. Hilabete geroago utzi zuten berriro aske, kontrolpean. Urtarrilean, aske utzi zuten, baldintzapean. 1992an Uruguain atxilotu zituzten errefuxiatuetako bat izan zen Ibañez.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak espetxe erakundeei "utzikeria handiz" jokatu izana leporatu die ohar baten bidez. "Osasun asistentzia egokia" izateko eskubidea denbora luzez "ukatu" egin diotela deitoratu du AAMk, "bai espetxean, bai etxean preso izan duenean". Ondorioz, Ibañezen heriotzaren atzean "errepresioaren eta espetxe politika ankerraren itzala" dagoela salatu dute. 

Biharko agerraldian Ibañezen senideekin batera, haren medikuak, abokatuak, ezker abertzaleak, LABek eta Gazte Independentistak ere hartuko dute parte. Ibañezen osasun egoeraren bilakaeraren gaineko irakurketa egingo du sendagileak, eta gaixotasun larriak dituzten euskal presoen inguruko balorazioa egingo du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.

Igandean manifestazioa Elgoibarren

Gaixotasun larriak dituzten euskal presoen egoera salatu eta horien berehalako kaleratzea aldarrikatzeko manifestazioa egingo du AAMk igande honetan Elgoibarren, heriotza zigorrik ez, gaixo dauden presoak kalera! lelopean. Manifestazioa 18:00etan aterako da Elgoibarko plazatik.

Etxerat-ek atsekabea eta dolua azaldu nahi izan du Mikel Ibañez euskal preso politiko ohiaren heriotza dela eta. Horrekin batera, "berotasuna, gertutasuna eta prestasuna" agertu diete Ibañezen senide eta lagunei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.