Atxiloketak

Mikel Onko Frantziako Muret-Seysses kartzelan sartu dute

Haren aurka euroagindua bete dezala eskatu dio gaur Frantziari Espainiako Auzitegi Nazionalak. Asteartean hartuko du Parisko epaileak horren gaineko erabakia. Azkeneko bi egunetan zortzi lagun atzeman dituzte Baionan eta Ziburun, kale erasoekin lotuta.

2009ko martxoaren 12a
19:01
Entzun
Frantziako Poliziak atzo Baionan eta Ziburun (Lapurdi) atxilotu zituen lau lagunetatik Mikel Onko da gaur arte haren esku segitzen zuen bakarra, beste hirurak atzo arratsaldean askatu zituelako: Haitz Aldana, Jonathan Leroy eta Lorie Bagieu. Lehen biak Ziburun atzeman zituzten, Onko ere bai, eta Bagieu Baionan, denak ere duela hilabete batzuk Donibane Lohizunen (Lapurdi) izandako kale eraso batekin lotura dutelakoan.

Poliziak herenegun beste lau pertsona atxilotu zituen, Angeluko (Lapurdi) kale eraso batekin lotuta: Christophe Sangla, Pierre Sangla, Cedric Otegi eta Cedric Belaske. Baionan atzeman zituen eta egun berean utzi zituen libre.

Onkoren aurka euroagindua bete dezala eskatu dio gaur Frantziari Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta horren gaineko erabakia asteartean hartuko du Parisko auzitegiak. Gaur arratsaldean Pauera (Biarno, Frantzia) eraman du Onko Frantziako Poliziak, epaileak auzibidearen berri eman diezaion. Honek Muret-Seyssesen kartzelatzeko agindu du.

Bart haren senideak Baionako polizia etxera joan ziren, janaria emateko asmoz, baina Poliziak ez zuen hura onartu.

Protesta gisa, atzo Baionan eta Ziburun elkarretaratzeak egin zituzten. Gaur iluntzean ere protesta egingo dute Ziburun, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.