Mikel Zabalzaren senitarteko, lagun eta Garraldako udal ordezkariek haren aldeko omenaldia antolatu dute azaroaren 21erako Garraldan bertan (Nafarroa). Ekitaldiarekin, "egia, justizia eta erreparazioa" aldarrikatu nahi dituzte. Duela 30 urte agertu zen hilik Mikel Zabalza Bidasoa ibaian, Guardia Zibilak atxilotu eta 20 egunez desagerturik egon ondotik. Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak, beste batzuren artean, Nafarroako Gobernua gonbidatu du ekitaldian parte hartzera.
Zabalza 1985eko azaroaren 26ko goizaldeko ordu bietan atxilotu zuten. Harekin batera atxilotu zuten Manuel Bizkaik urtarrilean Nafarroako Parlamentuan eman zituen azalpenen arabera, atxilotu ondorengo bost orduetan, "etengabeko zarata, eztarriko hotsak eta inor oka egiten ari zen soinua" entzun zituen. Esan zuenez, beste lekuko batek gerora guardia zibil bati entzun zion: "Alde egin digu". Atxilotuek egunak eman zituzten inkomunikatuta, eta kanpoaldean familiak ez zekien ezer.
Lourdes Zabalzaren arabera, Intxaurrondoko Guardia Zibilak esan zien ez zekitela non zegoen anaia. Geroago zabaldu zuten Endarlatsako zulo baten miaketan ihes egin ziela. Hogei egun eman zituen desagertuta, eta, "nahasmen hartan", familiak "nahiaren eta errealitatearen artean" ibili behar izan zuen. Bertsio kontrajarriak zituzten: Guardia Zibilaren Sindikatu Klandestinoak aitortu zuen Intxaurrondon hil zela; Guardia Zibilak, berriz, zioen mugaren beste aldean zegoela.
"Zorionez, gizarteak ez zuen sinetsi bertsio ofiziala, eta hainbestekoa izan zen presioa, Jose Barrionuevo Barne ministroak Kongresuan esan zuen agertuko zela, edo topatuko zutela". Guardia Zibilak topatu zuenean, familiari ez zion gorpua ikusten utzi: "Deigarria izan zen. Jantzita zegoen, eta ukitu gabe, arrainek jan izanaren zantzurik gabe".