BERRIAlagunak

Mila lagun gehitu dira komunitatera

Jada 13.000 lagunek osatzen dute BERRIAren komunitatea. Merkatariekin elkarlanerako egitasmoak jarri dira martxan: 600 BERRIAlagun iragarleen zerrenda sarean dago, eta Ordizian kanpaina berezia egin da tokiko merkataritzaren alde. 15.000 BERRIAlagunera iristea da aurtengo helburua. 

Ordiziako kanpainaren baitan egin zen zozketa. ANDONI CANELLADA, ARGAZKI PRESS
2015eko otsailaren 10a
12:41
Entzun

Azken urtean, ia 1.000 lagun gehiago batu dira BERRIAren komunitatera. Paperezko harpidetzaren bidez edo urteroko ekarpenaren bidez, 13.000 lagunek osatzen dute jada euskara hutsezko kazetari hauspoa emateko komunitate hori. Norbanakoek ez ezik, iragarleek ere osatzen dute taldea; 600 iragarleren babesa ere lortu baitu. Norbanakoak eta iragarleak biltzen dituen komunitatea harremanetan jartzeko lehen pauso gisa, lehio bat jarri du BERRIAk sarean. 

Tokiko merkataritza sustatzeko eta horrekin batera BERRIAlagunen sarea handitu eta sendotzeko kanpaina berezia egin da Ordizian. Iazko azaroan, Ordiziako 87 merkatari BERRIAlagun egin ziren. Saltoki horietako erosleek 1.000 euroko pizgarria izan zuten bi astez, eta milaka lagunek hartu zuten parte. Ordiziako Udalaren babesa izan zuen egitasmoak. 

BERRIAlagun egin diren Ordiziako merkatari horiek publizitatea merkeago izango dute BERRIAn, eta, gainera, BERRIAlagun iragarleentzat prestatutako gidan ageri dira. Ordiziako merkatariekin eginiko kanpaina hau herri gehiagotara hedatzeko asmoa dago orain. 

Otsailean batzarrak Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian

Aldaketa sakonak egin ditu BERRIAk azken hilabeteotan, eta irakurleen iritzi eta inpresioak lehenengo eskutik jaso nahi ditu egunkariak. Bide horretan, hainbat bilera egin dira Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Elkar ezagutzeko eta elkar entzuteko saiok izan dira. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian otsailean egingo dira antzeko batzarrak.

15.000 BERRIAlagun helburu

2013an baino 210.000 euro apalagoa izan da Jaurlaritzaren laguntza 2014an. Banaketa irizpideak aldatu ditu Jaurlaritzak, eta kalte egin dio egunkari nazionalari. Murrizketen aurrean, babes kanpaina abiatu zuen BERRIAk, eta 15.000 sinadura bildu zituen astebetean.

2015ean 15.000 lagunetara ailegatu nahiko luke BERRIAk, irauteko behar baititu hainbeste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.