Milaka erromes heldu dira Hego Euskal Herrira

Mundu osotik etorritako gazteek, besteak beste, Gernika-Lumoko jardunaldietan parte hartuko dute

2011ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Gazteen Munduko Jardunaldietan parte hartuko duten milaka gazte iritsi dira Hego Euskal Herriko elizbarrutietara. Bilboko alkate Iñaki Azkunak eta Mario Izeta gotzainak, besteak beste, harrera egingo diete 800 laguni gaur, Casillako kiroldegian (Bilbo). Datozen egunetarako ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte elizbarrutiek. Horien helburua gazte fededunak Madrilera bidean jasotzea da, ondoren aita santuaren etorrera ekitaldietan parte hartzera joango baitira.

Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroñok eta Bilboko Mario Izeta gotzainak hasiera emango diete bihar Gernika-Lumoko gazte kristauentzako ekitaldiei. Frantzia, Italia, Ingalaterra, Alemania, Mexiko, Uruguai, Kamerun, Polonia, Korea, Vietnam eta Estatu Batuetatik etorritako ehunka gazteek bakearen aldeko otoitzaldia egingo dute bihar 11:30ean, eta, ondoren, herria eta inguruak bisitatuko dituzte. Bilboko elizbarrutiak hartuko ditu datozen egunetan, eta, ondoren, horietako batzuk Madrilera joango dira gainerako gazteekin batera.

Gasteizen, Kairos gazteen mugimendu kristauak ere bost eguneko jardunaldiak hasi zituen asteazkenean. Ekitaldien helburua 24 herrialdetako gazte kristauek beren sinesmenak plazaratzea da. Gasteizko Araka kuartel militarrean bilduko dira horretarako, duela urtebete eskatu baitzituzten bilkurak egiteko baimenak.

Iruñean ere gaurko eta biharko antolatu dituzte Gazteen Munduko Jardunaldien inguruko ekitaldiak. 3.000 gazte inguru bertan bilduko direla aurreikusi dute antolatzaileek, eta segurtasun neurri bereziak jarri dituzte Xabierrerako Santutegirako martxan arazorik egon ez dadin. Gipuzkoan, Loiolan (Azpeitia) egingo dute gazteek topaketa nagusia bihar. Denera Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 11.000 gazte bilduko dira datozen egunetan.

Madrilen, berriz, martxa laikoa jarri dute abian hainbat elkarte laikok. Dagoeneko hasi dira Espainiako Gobernuko ordezkariekin hizketan, eta ibilbidea adosteko borondatea erakutsi dute bi aldeek. Botere publikoek Gazteen Munduko Jardunaldia finantzatu izana kritikatu nahi dute martxaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.