udalbiltza auzia

Milaka eta milaka lagun izan dira Udalbiltzaren epaiketaren kontrako manifestazio nazionalean Bilbon

'Udalbiltza aske! Bai Udalbiltzari. Bai Euskal Herriari' lelopean egin dute martxa. Auzipetuek absoluzioa eskatu dute, eta "instituzio demokratikoak sortu eta garatzeko eskubidea errespetatzea". Espainiako Estatuaren jokabidea "totalitarioa" dela salatu dute, eta eskerrak eman dituzte euskal gizartearen babesagatik. Eragileen artean izan dira Rufi Etxeberria, Pello Urizar, Patxi Zabaleta, Oskar Matute, LAB... Herenegun hasi zen epaiketa, eta auzipetuek berretsi dute Udalbiltza ez dela ETAren eta Ekinen menpe aritu. Hurrengo saioa, ostegunean.

2010eko uztailaren 17a
20:18
Entzun
"Madrildik gatoz, Espainiako Auzitegi Nazionaletik. Burua tente gatoz; irribarrea ezpainetan. Harro gatoz, epaitegi arrotz batean gezurrez eta maltzurki jositako anabasa sumarial bati oso-oso ondo egiten ari garelako aurre". Hala esan du Maribi Ugarteburu Udalbiltzako auzipetuak gaur arratsaldean Bilbon, udal erakundearen epaiketaren aurkako manifestazioko hitzaldian. "Udalbiltzak ez baitu inoiz izan ezer ezkutatzekorik. Kontrakoa: hasieratik egin izan duen lan guztia guztiz publikoa eta gardena izan da. Lan politiko instituzionala, azken batean. Eta horixe bera kontatu diegu epaileei eta fiskalei". Ondorioz, "epai posible bakarra absoluzioa" dela aldarrikatu du, baina ez hori bakarrik: "Instituzio demokratikoak sortu eta garatzeko eskubidea errespetatu egin behar da".

Milaka eta milaka lagun izan dira manifestazioan, Udalbiltza aske! Bai Udalbiltzari. Bai Euskal Herriari lelopean. 17:45ean abiatu da ekimena, iragarri baino ordu laurdena beranduago, eta 19:00ak pasatxo zirela amaitu da, udaletxe aurrean. Pankarta eramaten auzipetuak izan dira, Xabier Alegria auzipetu presoaren bikotekidearekin batera. Haien denen aurretik, Euskal Herriko sei lurraldeetako ikurrak eraman dituzte lagun batzuek.

Espainiako Estatuaren jokabidea salatu dute auzipetuek. "Estatu totalitario baten jokabidea da hau. Tankerik gabe, bai, baina tortura sistematikoa, debekuak, ilegalizazioak, epaiketa politikoak eta giza eskubide zibil eta politikoen urraketa zabala erabilita sostengatzen du bere erregimena Espainiako Estatuak Euskal Herrian. Gaueko sirenarik ez dute jotzen, baina hau salbuespen egoera da", adierazi du Loren Arkotxak hitzaldian.

Babes handia gaur ere

Bilboko manifestazioan eragileen artean izan dira ezker abertzalea (Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia, Tasio Erkizia), EA (Pello Urizar idazkari nagusia, Ikerne Badiola Komunikazio arduraduna), Aralar (Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusia eta nafar parlamentaria eta Aintzane Ezenarro eusko legebiltzarkidea), Alternatiba (Oskar Matute bozeramailea), Iñaki Zarraoa EAJko kidea, Mikel Izagirre EBko kidea, ANV, LAB, ESAIT, Adierazi EH, Lokarri, abokatu euskaldunen elkartea, Euskal Herriko Ikastolen Elkartea... Ehunka lagunek norberak bere herriaren izena idatzita eraman dute txartel txikietan. Azkeneko asteetan EAJ, PSE-EE, PSN, EB edota ELAko kideek babesa agertu izan diete auzipetuei. Beste hainbat ekimen ere egin dira han eta hemen, auzipetuek gaur gogoratu dutenez.

Babes hori guztia eskertu du Arkotxak, auzipetu denen izenean. "Ez, ez gaude bakarrik. Oso-oso argi geratzen ari da iritzi publikoaren gehiengo zabal bat dela uste duena epaiketa hau ez zela egin ere egin behar. Lan instituzional demokratikoa bakean eta lasai egitea oinarri-oinarrizko kontua dela, eta ez delitua".

Ostegunean hasi zen epaiketa

Ostegunean hasi zen Udalbiltzaren aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean -2003ko apirilean izan zen operazioa-, eta atzo segitu zuen. Akusazioaren galderak ekimen, proiektu eta lan politikoei buruzkoak izan dira, ez ustezko delitu zehatzen bat frogatzera bideratuak.

Auzipetuek berretsi dute udal erakundea ez dela ETAren eta Ekinen menpe aritu, eta hautetsiek baino ez dituztela hartzen erabakiak. "Udalbiltzaren lana beti gardena eta publikoa" izan dela ere azpimarratu diote epaimahaiari. Akusazioen "zorroztasun falta" eta "gezurrak" salatu dituzte, bide batez.

Udalbiltza Euskal Herriaren aldeko proiektua dela nabarmendu dute eta sekula ez dela ideologia bati mugatua egon; "areago, pluraltasuna mantentzen sutsu saiatzen da, sigla politikoen mugak gaindituta".

Auzipetuen artetik Larraitz Sanzberro falta da deklaratzeko

22 auzipeturekin hasi zen osteguneko saioa, baina epaimahaiak berehala jakinarazi zuen Miriam Campos auzipetua ez duela epaituko. Izan ere, Campos 18/98 auzian epaitu eta zigortu egin zuten, eta epaimahaiak dio ezin dela berriro epaitu gauza beragatik -ETAko kidea izatea egozten zioten orain ere-.

Auzipetuen artetik Larraitz Sanzberro baino ez da falta deklaratzeko. Ostegunean jarraituko du epaiketak, eta orduan mintzatuko da hura. "Gezurra badirudi ere, pozik gaude. Indarrarekin joango gara berriro Madrilera datorren ostegunean", esan du Ugarteburuk gaur. Ostiralean ere izango da saioa, eta ondoren irailean -7, 8, 9, 14, 15 eta 16an-.

Alkate eta zinegotzi ziren garaian nazio instituzio bat sortu eta haren bitartez nazio eraikuntzan saiatzeagatik ETAko kide izatea egozten diete auzipetuei Fiskaltzak eta Dignidad y Justicia herri akusazioak. 10 eta 23 urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte haientzat.

Epaimahaia Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak -Egunkaria auzian ere hala izan zen- eta Manuela Fernandez Prado eta Javier Martinez Lazaro epaileek osatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.