Hizkuntza eskubideak

Milaka euskaltzale batu dira Iruñean euskaldunen hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko

Iruñeko Udalak jarritako oztopo guztien gainetik, arrakastatsua izan da Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatuta euskaldunen hizkuntza eskubideen alde egin den manifestazioa. Hamar mila lagun inguruk egin dute Golem zinemetatik Diputazio atarirainoko ibilbidea 'Hizkuntza eskubideak! Denon konpromisoa' leloa biltzen zuen pankartaren atzean. Isilik joan da ia ibilbide guztian manifestazioa, baina Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak amaierako mezua irakurri duenean, "Euskal Herrian euskaraz" aldarrika erantzun dio jendeak.

2004ko ekainaren 5a
19:12
Entzun
Iruñeko Udalak oztopoak baino ez dizkio jarri Kontseiluari manifestazioa behar bezala egiteko: batetik, Gaztelu Plazan amaitzea eragotzi dio, gune horretan haurren saskibaloi txapelketa bat zegoela argudiatuta; ondorioz, Diputazio atarian amaitu behar izan dute. Halaber, megafonia erabiltzea galarazi dio, eta, beraz, norberak etxetik eramandako irratien bidez entzun dute manifestazioan izan diren milaka lagunek Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak Diputazio atarian irakurri duen mezuan, Euskalerria Irratiaren uhinen bidez.

Hala ere, jendetza handia bildu da Iruñean euskaldunen hizkuntza eskubideen alde: hamar mila pertsona inguru.

Isilik egin dute ibilbide gehiena, baina UPNren egoitzaren aurretik igarotzean zenbaitzuk txistu hotsak egin dituzte. Era berean, Mendigurenek manifestazio amaierako mezua irakurri duenean, "Euskal Herrian euskaraz" oihukatuz erantzun dio jendeak.

Jendetzaren artean, asko ziren aurpegi ezagunak. Esaterako, Euskal Herriko alderdi gehienetako ordezkariak, sindikatuetakoak eta kultur mundukoak. Martxelo Otamendi 'Berria'-ko zuzendaria eta Joxean Lizarribar kazeta hori argitaratzen duen EKT enpresako lehendakaria han ziren, eta haiekin batera, egun hauetan Euskal Herrian diren MIDAS Eremu Urriko eta Eskualde Hizkuntzetan argitaratzen diren Egunkarien Europako Elkarteko hainbat kide.

Mendiguren Kontseiluko buruzagia pozik agertu da jendeak deialdiari eman dion erantzunarekin. "Oztopo guztien gainetik" helburua bete dutela azpimarratu du Mendigurenek amaierako mezuan, eta hizkuntza eskubideak "denen konpromisoa" direla. Ildo horretatik, konpromiso horiei heltzeko eskatu die norbanako, sindikatu, erakunde eta gainerako elkarteei. Funtsean, euskaraz bizitzeko deia egin du.

Dena den, Espainiako Estatuak euskararekiko duen jarrera salatu du: Euroituna sinatu zuen arren, han jasotzen diren konpromisoak ez dituela betetzen nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.