«Murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea... gure esku dago. Errausketa eragoztea ere bai. Errauste plantarik ez, ez Zubietan eta ez inon!». Lasarte-Oria Bizirik eta Zubieta Lantzen plataformek deituta, errauste plantaren aurkako mezu argia helarazi zuten atzo milaka eta milaka herritarrek Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Udaltzainen arabera, 8.000 lagunek egin zuten bat manifestazioarekin. «Ez dugu errauste plantarik nahi. Alternatibak badaude». Hori izan zen herritar gehienen mezua.
Gehienena. Ez baitzen ohiko manifestazioa izan. Merkealdia iristen denean entzun ohi den moduan, bi manifestazio baten prezioan izan ziren atzo. Bi lelo, bi iritzi, bi pankarta manifestazio berean. Alternatibak daudelako, errausketarik ez, ez Zubietan eta ez inon. Hori Lasarte-Oria Bizirik eta Zubieta Lantzen plataformen lehen pankartaren leloa. Zubieta auzoan ez. Hori Lasarte-Oriako Udaleko zinegotziek -tartean Ana Urtxuegia alkateak- eraman zuten pankartaren leloa. 20 metroko tartea zegoen bien artean. Mezuetan, ordea, aldea nabarmena zen.
Lasarte-Oriako alkateak aste honetan adierazi du Zubietan ez duela errauste plantarik nahi, Lasarte-Oriatik gertu egongo delako eta Lasarte-Oriaren etorkizuneko proiektuak egingo dituzten inguruan jarriko dutelako. Atzo ere hala adierazi zuen: Zubieta auzoan ez. Baina errauste planta sistema moduan begi onez ikusten duela adierazi izan du sarritan, eta atzo ere begi-bistan geratu zen hori. Herritarrek ere hala ulertu zuten, oihuen bidez, hasiera-hasieratik nabaritu baitzen gehienek alkatearen aurkako jarrera zeukatela. «Alkate anderea: zuretzat nahi ez duzuna besteei ez opa»; «errauste plantarik ez, ez Zubietan eta ez inon»; «Ana, entzun, ez hemen, ez inon!»; «udaletxe honekin gauzak gaizki doaz»... Ibilbide guztian bere kontrako oihuak entzun behar izan zituen alkateak.
Ibilbide guztian bezala, baita amaierako ekitaldian ere. Maider Segurola eta Maider Gorostegi kazetariek irakurri zuten komunikatua, eta izenik eman ez bazuten ere, Urtxuegiari mezu argia helarazi zioten: «Euren herrian errauste plantaren aurka daudela azpimarratzen dutenek eta ondoren erabaki mahai gorenetan horien eraikuntzari argi berdea ematen diotenek manipulatu egiten dute».
MANIFESTAZIOAK BABES HANDIA. Gizarte eragile, alderdi politiko, sindikatu eta norbanako askok egin zuten bat errauste plantaren aurka egin den manifestaziorik handienarekin. Besteak beste, Zutik, Ezker Abertzalea, Aralar, ANV eta Ezker Batua alderdiek, ESK, LAB, CNT eta CCOO sindikatuek, Osina Talde Ekologista, Ekologistak Martxan, Eguzki eta Greenpeace talde ekologistek, La Esperanza, Zabaleta Auzolan eta Lasarte-Oria bizilagunen elkarteek eta Landaberri ikastolak.
17:00etan puntuan hasi zen manifestazioa, orduan egin baitzuten bat, besteak beste, Zubieta, Usurbil, Urnieta eta Hernani aldetik oinez iritsi ziren herritarrek Lasarte-Orian zeuden herritarrekin. Horiez gain, manifestazioan parte hartu zuten errauste plantaren aurkako Astigarraga, Villabona, Zestoa, Donostia, Errenteria eta Lezoko plataformek ere. Milaka herritarren artean batuka talde bat, txistulariak, txilibituak... eta oihuak. «Errausketa ez da bidea»; «Errauste plantarekin okerreko bidetik goaz»; «Errauste plantarekin manipulazioa»; «Ez, ez, ez, errausketarik ez»; «Alternatibak bai, errausketarik ez»; «Jo ta ke, konpostatu arte»...
«Errauste plantaren aurka gaude, zaborrak kudeatzeko beste bide batzuen alde baikaude. Zaborren arazo honen irtenbidea errauste plantarik ez jartzea da, ez Zubietan eta ez inon. Errausketa sistemaren aurka gaude». Usurbilgo Garbiñe Errekondoren azalpenak dira. Lasarte-Oriako Rosa Murgiondok ere errauste plantarik ez duela nahi adierazi zion BERRIAri. «Ez daukagu horrelako ezeren beharrik. Irtenbidea zein den? Inori kalterik egingo ez dion beste irtenbideren bat behar da».
Lasarte-Oriako Osiña talde ekologistako Andoni Castrok ere alkatearen jarrera kritikatu zuen: «Zubietan ez du nahi, baina beste lekuren batean jartzea berdin zaio, herritar gehienen iritziaren aurka. Hori salatzera etorri gara. Alternatibak badaude, ekonomikoki eta ekologikoki hobeak direnak, gainera». Lasarte-Oriako Rosa Artola ere antzera mintzatu zen. «Bere etxean ez du nahi, eta besteenean bai. Hori da errazena. Beste nonbait izan balitz, ez zen manifestaziora etorriko. Beste irtenbide batzuk badaude, baina denok egin beharko dugu zerbait».
Plataformetako ordezkariek eta bertaratutako herritarrek egin zuten moduan, Pablo Suberbiola eta Zigor Iriondo bertsolariek ere Ana Urtxuegia alkatearen jarrera kritikatu zuten amaierako ekitaldian, bertsotan. «Zubietan ez duzu nahi baina Oiartzunen bai / halako hipokresiarik herriak ez du nahi», kantatu zuten. Alkatea ordurako joanda zegoen, ordea.
Lasarte-Orian ezaguna den sorgin dantzarekin eman zioten amaiera manifestazioari, festa giroan, baina atzo milaka herritarrak elkartu zituen aldarrikapenak ahaztu gabe. «Zaborra errausteak gure etorkizuna hipotekatuko luke, eta, horregatik, errauste planten Gipuzkoako proiektu guztiak gelditzeko eskatzen dugu».
############
«Zaborren arazo honen irtenbidea errauste plantarik ez jartzea da,ez Zubietan eta ez inon»
GARBIÑE ERREKONDO
USURBILGo bizilaguna
«Errausteak etorkizuna hipotekatuko luke; horregatik, proiektu guztiak gelditzeko eskatzen dugu»
MAIDER SEGUROLA
KAZETARIA
«Zubietan ez du errauste plantarik nahi, baina beste lekuren batean berdin zaio; hori salatzera etorri gara»
Andoni castro
osiña talde ekologistako kidea
############
Milaka herritar errauste plantaren aurka, mezu biko manifestazioan
Plataformek errauste planta kritikatu dute; Ana Urtxuegia alkateak, berriz, Zubietako kokagunea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu