Milaka jende espero dute Baionan Korrika bukaerarako

Egun osoko egitaraua antolatu du AEK-k martxoaren 24rako. Garraio publikoa lehenestera deitu dute antolatzaileek.

Korrikaren azken eguneko aurkezpena, Baionan. BERRIA
Korrikaren azken eguneko aurkezpena, Baionan. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko martxoaren 19a
11:43
Entzun

Korrikaren bukaera egunean mundu guziari euskararen aldeko Herri Harro bat badela erakustera deitu du AEK-k. Lasterkariak Nafarroan barrena ibilki diren bitartean, agerraldia egin dute Baionako Patxa plazan, azken egunari buruzko xehetasunak emateko. Hogei eta 30.000 pertsona inguru

Martxoaren 24an bukatuko da 23. Korrika Baionan. 12:30erako iritsi beharko luke lekukoak herriko etxe aitzinera. Lehenago, Euskal Herriko hainbat eragilek eginen dituzte azken kilometroak. Lekukoa hauek eramanen dute: Gure Esku, Etxerat, Sare eta Bakebidea, Errigora eta Agerraldia, alderdi politikoak, sindikatuak, UEMA eta Udalbiltza, Hekimen, hezkuntza eragileak, Azterketak euskaraz kolektiboa, Kontseilua eta Euskal Konfederazioa eta AEK. Ohi bezala, aurtengo mezua idatzi duen pertsonak eramanen du lekukoa azken metroetan, haren barnean Euskal Herri osoa iragan duen mezu sekretua irakurtzera igo aitzin. 

Goizean goizetik hasiko dira animazioak. Korrikalariek azken kilometroak egiten dituzten bitartean, dantza jauziak emanen dituzte Patxi eta Konpainiak Santizpiritu auzoko Gambetta plazan. Egunean zehar, hiru gune nagusi izanen dira Baionan barna: Merkatuko plazan, San Andres plazan eta Patxa plazan izanen dira kontzertu nagusiak. Horrez gain, haurren xokoa eta EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberak prestatutako zikiroa ere izanen dira Xaho plazan —Korrikaren webgunean eros daitezke sarrerak—. Azkenik, karrikako animazio andana ere izanen da, eta jateko eta edateko eskaintza zabala izanen da.

Ahal den heinean, garraio publikoak erabiltzera deitu dute AEKko arduradunek. Hendaiatik (Lapurdi) Baionara doan Txik Txak sareko 3. linea ordu erdiro ibiliko da, eta Baiona hiriguneko T1 eta T2 linea nagusiak indartuak izanen dira. Horrez gain, Ametzondo merkataritza guneko aparkalekua irekia izanen da egun guzian zehar, eta gauerdi arte hamabost minutuan behin autobusak izanen dira handik Baiona erdigunera joateko, eta berriz itzultzeko. Norberak bere edalontzia etxetik ekartzeko deia ere egin dute. 

Azpimarratu dute Korrikak eraso sexista, arrazista, eta homofobo oro gaitzesten duela, eta horien kontrako protokolo bat prestatu dutela erasorik gabeko espazio bat sortzeko helburuarekin. Prebentzio lana egiteaz gain, eraso bakoitzari erantzutea ahalbidetuko du. 

Etxegarai, Harro Herrirekin bat

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak ere parte hartu du Korrikaren azken eguna aurkezteko prentsaurrekoan. Harro Herri leloarekin bat egiteaz gain, Baionako hiriak azpiegitura eta ekonomia aldetik Korrika laguntzeko egindako indarrean jarri du azpimarra. Halaber, bere «ekintza politikoak» ere laudatu ditu, Baiona euskara plana, elkargoak EEP Euskararen Erakunde Publikoari emanen dion diru ekarpena, eta azterketak euskaraz egiteko aldarrikapenari erakutsi izan dion babesa nabarmenduta.  

Egitaraua

  • San Andres plaza. Anje Duhalde, Xutik, Xiberoots eta SFM. 
  • Merkatuko plaza. Kuxkuxtu, Ibil Bedi, Frikun, Bilabal.
  • Patxa plaza. Haira, Zetkin, Toc, Nakar, Kuma No Motor, AKTS.
  • Xaho plaza. Zikiroa, Pontx pailazoa, haurren xokoa.

Egitarau osoa www.korrika.eus webgunean ikus daiteke

    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.