Jarritako ordua baino hamar bat minutu beranduago, 17:40 inguruan, abiatu da Bilboko Aita Donostia plazatik "Euskal Herrian bizik duen salbuespen egoerari aurre egiteko" 200 bat herritarrek antolatutako manifestazioa. Hain justu, Salbuespen egoerari aurre egin, Euskal Herriak askatasuna behar du! jartzen zuen pankarta eraman dute manifestazio buruan, besteak beste, Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak, Iñigo Elkoro 18/98-ko auzipetuak, Tasio Erkizia ezker abertzaleko buruzagi historikoak, Kepa Bereziartua legez kanporatutako EAE-ANVko presidenteak eta Jose Antonio Torre Medius preso ohiak..
Arestian aipatu bezala, Euskal Herrian "salbuespen egoera" bizi dela utzi nahi izan dute agerian antolatzaileek, eta horretarako legez kanporatzeak eta errepresioa zuenean jasan duten pertsonak joan dira lehen lerroetan. Pankarta eraman duten horiez gain, hainbat preso ohi eta presoen senideak. Haien atzetik, milaka lagun. Milaka herritar horien artean ikusmin handia sortu du orain aste batzuk aske utzi zuten Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagi ezagunaren presentziak. Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohia ere manifestazioan izan da.
Aita Donostia plazatik abiatu eta udaletxera bitarteko ibilbidea egin dute. Presoen eta amnistiaren aldeko oihuak izan dira nagusi ibilbidean. Ekitaldia amaitzeko, Lander Etxebarria eta Anjel Alcalde ezker abertzaleko kideak mintzatu dira, eta Espainiak eta Frantzian abiatutako dinamikaren helburua "Euskal Herria ezabatzea" dela salatu du Etxebarriak. Funtsean, marko politiko berri baterako urratsa egitea galarazi nahi dutela iritzi dio: "aldaketa politikoa ezinezkoa dela saldu nahi digute". Nolanahi ere, oztopoen gainetik aldaketa horren aldeko lanean jarraituko dutela berretsi dute hizlariek.
Manifestaziora deitu duten 200 herritar horiek irailaren 21ean egin zuten lehenengo aldiz deialdia, Hernaniko (Gipuzkoa) Kultur Etxean. Orduan, AAM Aministiaren Aldeko Mugimenduaren legez kanporatzea eta mugimenduko kideen kontrako zigorrak jarri zituzten protestarako arrazoi nagusitzat. Ondoren, EAE-ANVren eta EHAKren legez kanporatzeak heldu ziren, eta antolatzaileen iduriko, are eta garbiago utzi zuten "salbuespen egoera".
Deitzaileez gain zenbait erakundek ere egin dute manifestazioan parte hartzeko gonbidapena, besteak beste, LAB sindikatuak eta gazte independetistek.Ekitaldia debekatzeko eskaerak ere izan dira, esaterako, Dignidad y Justicia elkartearena.
Politika
Milaka lagun atera dira kalera Bilbon "salbuespen egoeraren" aurka
Aministiaren Aldeko Mugimenduaren, EHAKren eta EAE-ANVren legez kanporatzeak salatu dituzte, besteak beste. Presoen eta amnistiaren aldeko oihuak izan dira nagusi. Espainiaren eta Frantziaren helburua "Euskal Herria ezabatzea" dela iritzi dio Lander Etxebarriak amaiera ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu