Euskal gazteria libre eta legala lelopean, milaka lagun batu dira Donostiako hamabost gazte auzipetuen alde antolatutako manifestaziora. Auzipetuek eraman dute manifestazioaren hasierako pankarta. Gazteak gara, ez terroristak, eta Euskal gazteria aurrera gisako oihuak entzun dira. Herritarren babesak indarra ematen diela azaldu diote BERRIAri Donostiako gazte auzipetuek.
"Eskerrak eman nahi dizkiegu Donostiara etorri direnei, baita Aragoi eta Gaztelako gazteei ere", esan dute auzipetuek martxaren amaieran. Haien arabera, "kartzelak husteko garaia da, eta ez betetzekoa". "Herri babesaren unea da, desobedientziarena", esan dute.
Eleak mugimenduko ordezkariek Euskal Herriko hainbat eragilek pairatzen duten "jazarpena" salatu dute. "Kartzelan amaitzea ahalbidetzen duten legeek indarrean jarraitzen dute. Horregatik, eskubide zibili eta politikoen alde egiteko deia egiten dugu", nabarmendu dute.
Donostiako hamabost gazte auzipetuak Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain daude. Otsailaren 13an berrikusi zuen kasua eta edozein unetan eman dezakeela epaia nabarmendu zuen Eleak mugimenduak. Horren harira, gazteek bizi duten egoera salatu eta haiei babesa emateko asmoz, gaurko manifestazio bat antolatu zuen Eleak-ek.
Atxikimendu ugari jaso ditu manifestazioak. Besteak beste, ELAk, EH Bilduk eta Donostiako udal gobernuaren babesa jaso du. Manifestazioan parte hartu dute Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Hasier Arraiz Sortuko presidenteak eta Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideak, besteak beste.
Seina urteko zigor eskaera
Segiko kide izatea egotzita seina urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak hamabost gazteentzat. Zigor hori ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta otsailean egindako berrikusketan gauza bera eskatu zuen fiskalak.
Eleak mugimenduak azaldu zuen gazteetako seik komisaldegian torturak jasan zituztela eta hamabi baldintzapeko espetxealdian egon zirela Espainian zehar sakabanatuta. "Onartezina deritzogu ideia politiko konkretu batzuk izateagatik euskal herritarrak kartzelara sartzea; ez gaur, ez inoiz, inork ez zuen horrelakorik sufritu behar izan", gaineratu zuen.
Gazteek eta Eleak mugimenduko kideek Donostian harreman bira bat jarri zuten martxan; eragile sozial, sindikal eta politikoekin bilduz. Haien babesa jaso zutela azaldu zuten.
Horrez gain, Auzitegi Gorenaren ebazpena jaso bitartean ostegunero 19:00etan Donostiako Artzain Onaren katedralaren aurrean elkarretaratzea egingo dutela jakinarazi zuten.