Altsasu

Milaka lagun bildu dira Altsasun, 'utzi bakean' lelopean

EAEko Alderdi Popularrak uko egin dio Ciudadanosen ekitaldian parte hartzeari, argudiatuz politikaren helburua "giroa baretzea" dela. Guardia Zibilaren kontrolak ugaritu egin dituztela salatu dute herritarrek.

Joxerra Senar - Arantxa Elizegi
2018ko azaroaren 3a
07:27
Entzun

Milaka lagunen babesa jaso du Utzi Altsasu bakean lelopean antolatutako manifestazioak. 17:30erako jarria zuten ordua Foruen plazan, eta ordua baino lehenago ere gainezka egina zegoen enparantza. Ciudadanos alderdiak biharko antolatutako ekitaldiari erantzuteko deialdiak ikusmin handia eragin du. Manifestariak ez ezik, kazetari ugari ere agertu dira.

"Herriari eginiko eraso bat. Irain egin digute eta min". Horrela deskribatu dute manifestazioaren deitzaileek Guardia Zibilarekiko elkartasunez iganderako antolatutako ekitaldia: "Bidegabekeria eta probokazioen gainetik, zutik dagoen herria da gurea. Altsasura etorri diren horiek ahuldu daitezela, eta herria indartu. Elkartasun olatuak blaitu egin ditu beste behin altsasuarrak".

Manifestazio isila zen gaurkoa, eta iragarritakoa bete dute. Soilik tarteka "utzi bakean" oihuak entzun dira bidean zehar. Kale bazter eta etxeetako balkoietan, berriz, esaldi bera irakur zitekeen ibilbide osoan zehar. Manifestazio buruan, preso dauden gazteen senide eta lagunak pankartari eusten. Txalo artean abiatu dute bidea.

Espainiako alderdiek biharko antolatutako ekitaldiak hautsak harrotu ditu Altsasun, eta, hainbat herritarrek salatu dutenez, ostiralaz geroztik Guardia Zibilaren presentzia bera ere ohikoa baino handiagoa da. Herrian izango dira Ciudadanoseko idazkari nagusi Albert Rivera eta Nafarroako PPko buru Ana Beltran. Ordea, parte hartzeari uko egin dio EAEko Alderdi Popularrak. Borja Senper diputatuaren esanetan, politikaren helburuetako bat "giroa baretzea" da.

Igandean ere elkartasuna nagusi

Iganderako ere hainbat kontzertu eta ekitaldi antolatu dituzte. Besteak beste, Xabi Solano eta Fermin Muguruza musikariak edota Amets Arzallus eta Eneko Lazkoz bertsolariak arituko dira Iortia plazan.

Hilabete honetan betetzen dira bi urte bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egitea egotzita zortzi gazte atxilotu zituztela. Gertatutakoa gogoan, jardunaldiak egingo dituzte hilaren 16 eta 17an Iruñeko Katakrak liburudendan. Auzitegi Nazionalak 76 urteko espetxe zigorra ezarri zien auzipetuei (bi urtekoa Ainara Urkigori, eta bederatzi eta hamahiru urte artekoa gainerako zazpiei).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.