ETA-ren atentatua Arrigorriagan

Milaka lagun bildu dira Bilbon ETAren aurkako manifestazioan

Eduardo Antonio Puelles Garcia Espainiako Poliziaren hilketa salatu dute gaur arratsaldean. 'Por la libertad. ETA no. Askatasuna. ETA ez' leloa izan du Eusko Jaurlaritzak deitutako ekimenak. ETAren biktimen senide batzuk egon dira pankartan. Eguerdian jende ugari bildu da elkarretaratzeetan. Bilboko gotzainak hileta elizkizunean adierazi du indarkeriari "zilegitasuna kendu" behar zaiola.

2009ko ekainaren 20a
19:22
Entzun
ETAk atzo Eduardo Antonio Puelles Garcia Espainiako Poliziaren Bizkaiko Informazio Brigadako inspektorea hil izana salatzeko eta erakunde armatuaren aurka egiteko manifestazioa egin dute milaka eta milaka lagunek gaur, Bilbon. 18:10etan hasi da ekimena, Bihotz Sakratuaren plazatik, eta 19:00etan iritsi dira bukaerara, udaletxe aurrera. Eusko Jaurlaritzak deitu du, Por la libertad. ETA no. Askatasuna. ETA ez lelopean.

Manifestazioko buruan bi lerro nagusi izan dira. Aurrenekoan, Puellesen senideak egon dira -bi semeak eta Josu anaia-, baita ETAren beste biktimen artetik zortzi ordezkari ere: Iñigo Uria (Inaxio Uria enpresaburuaren semea), Carmen Hernandez (Jesus Maria Pedrosa PPko hautetsiaren alarguna), Marian Romero (Isaias Carrasco PSE-EEko hautetsi izandakoaren alarguna), Marian Ziarrusta (Joxe Mari Korta enpresaburuaren alarguna), Blanca Villafañe (Juvenal Villafañe guardia zibilaren alaba), Maite Mollinedo (Jose Mari Agirre ertzainaren alarguna), Dolores Quintanilla (Manuel Fuentes Espainiako poliziaren alarguna) eta Maixabel Lasa (Juan Mari Jauregi PSE-EEko kidearen alarguna).

Bigarren lerroan, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta sailburuak, Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordea, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak (Jose Luis Bilbao, Xabier Agirre eta Markel Olano), Jokin Bildarratz Eudeleko presidentea eta alderdi politikoetako ordezkariak egon dira, besteak beste. Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak EAEn dituzten buruak ere bai.

"Askatasunaren bidea garestia da"

Lopez lehendakariak hartu du hitza udaletxe aurrean, eta "askatasunaren bidea garestia" dela adierazi du, atzo ETAk beste polizia bat hil zuelako. "Baina ez dute irabaziko. ETAri esan behar zaio porrot egina duela". Puellesek "euskal herritarren askatasuna defenditu" zuela esan du Lopezek, "eta horregatik hil du ETAk". Guardia Zibila, Espainiako Polizia eta Ertzaintza goraipatu ditu. 19:12an bukatu du hitzaldia, eta hildakoaren senideak besarkatu ditu.

Ondoren poliziaren alargun Paqui Hernandezek adierazi du "oso harro" dagoela, eta bere senarra hil dutenei esan die ez dutela ezer lortuko. "Hiltzaileak dira horiek, ez politikariak". Bost bat minutuz mintzatu da.

Elkarretaratzeak eguerdian

Eguerdian elkarretaratzeak egin dituzte, Eudel Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalen elkarteak deituta, eta jende asko bildu da.

Arrigorriagan (Bizkaia) hil zuen polizia ETAk, eta Lopez Jaurlaritzako lehendakaria hango ekimenean izan da, Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuarekin, besteak beste. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakaria Iruñean izan da, Parlamentu aurreko kontzentrazioan.



Lehenago egin dute hileta elizkizuna

Puellesen aldeko hileta elizkizuna 13:00etan hasi dute, Bilbon, Espainiako Gobernuaren ordezkaritza alboko elizan: San Josen. Ordubetera bukatu da. Ricardo Blazquez Bilboko gotzainak adierazi du indarkeriari "zilegitasuna kendu" behar zaiola, eta beharrezkoa deritzo "demokraten batasuna".

Goizean, hamarretatik aurrera, Gobernuaren ordezkaritzan, Puellesen hil kapera bisitatzeko aukera izan dute herritarrek eta erakunde publikoetako arduradunek.

Atzo 9:05ean izan zen atentatua. Santa Isabel kalean, etxeen multzoa amaitu eta Ollarganeko parke ondoan dagoen aparkaleku batean zeukan autoa poliziak. Piztuta zuela, azpialdean itsatsita zuen bonba lehertu egin zen. Autoaren atzealdean, gasolinategiaren ondoan zuen itsatsita bonba, kilo eta erdi eta bi kilo lehergai ingurukoa. Hori dela eta, sutea eragin zuen leherketak.

ETAren aurreko hildakoa Inazio Uria izan zen. Iazko abenduaren 3an hil zuen Azpeitian (Gipuzkoa), Loiola auzoan. Altuna y Uria enpresako arduradunetakoa zen. ETAk AHTaren lanetan aritu izana egotzi zuen aldarrikapen agirian, baita Uriak iraultza zerga ordaindu ez izana ere.

Eusko Legebiltzarrak omenaldia egingo dio astelehenean

Eusko Legebiltzarrak omenaldia egingo dio astelehenean ETAk hildako poliziaren inspektoreari, 13:00etan. Aurrez, 12:30ean, elkarretaratzea egingo du legebiltzarraren kanpoaldean, atentatua gaitzesteko. Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen atzo gaitzespen idazkia, eta astelehenerako deia egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.