Eleak eskubide zibilen aldeko mugimenduak deituta Iruñean eskubide politikoen aldeko manifestazioa egin dute gaur. Jende asko bildu da Nafarroako gazteriaren aurkako epaiketa politikoak salatzeko, eta antolatzeko eskubidea aldarrikatu dute. Por las libertades políticas. Eskubide guztiak guztientzat du lelo nagusi, baina manifestazioan hainbat zutabe izan dira, eta pankarta gehiago ere ikusi ahal izan dira: Euskal gazteria libre eta legala, Internazionalismoa ez da delitua eta Utzi bakean euskal gazteria.
Besteak beste Aralar, EA, ezker abertzalea eta Alternatibak, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek eta hainbat eragile sozialek bat egin dute azken egunetan manifestazioarekin. Golem zinemetatik abiatu da manifestazioa, eta Sarasate pasealekuan amaituko da. Manifestazio buruan joan dira Maiorga Ramirez (EA), Txelui Moreno (ezker abertzalea) eta Bakartxo Ruiz (Bildu), besteak beste, eta adierazpenak egin dituzte hasi aurretik.
Joxean Agirre Eleak mugimendukoak esan du eurentzat oso garrantzitsua zela gaurko deialdia, euren eskaerak berresten dituelako eta Euskal Herrian ireki den prozesuan egin beharreko bidea markatzen duelako. Agirrek esan du, gainera, orain arte pausoak "alde bakarrak" eman baditu ere, "beste aldea" orain mugitzen hasi dela dirudiela, eta Patxi Lopezek aste honetan Legebiltzarrean egindako "keinua" nabarmendu du. Positiboa dela esan du eta ausart jokatzera deitu du Lopez.
Bakartxo Ruiz Bilduko kideak bere aldetik esan du badela garaia epaiketa politikoak bertan behera uzteko, eta gizarteak "aski da" esan duela azpimarratu du.