Iragarri bezala, eguzkiak ere ez zuen kale egin, eta bero egin zuen atzo Araba Euskaraz-en. Eguraldia lagun, milaka euskaltzale joan ziren Amurriora. Aurtengo Araba Euskaraz-en xedea Aresketa ikastolarentzat dirua biltzea zen, eraikina hobetu eta handitu ahal izateko.
Jaia 10:00etan hasi zen, hasiera ekitaldiarekin, eta Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreformaren aurka bat egin zuten han bildutakoek. Bi kilometroko ibilbidean ere erreforma horren aurkako hainbat pankarta irakur zitezkeen, baita fracking-aren aurkakoak ere.
Aresketa ikastolako arduradunek Carlos Larrinaga omendu zuten atzo, Euskal Herriko eta Aiaraldeko tradizioak zabaltzearren egindako lanagatik. Haren alarguna eta alabak izan ziren omenaldian. Datorren urtean Lapuebla de Labarcan izango da Araba Euskaraz.
Manifestazioa hezkuntza erreformaren aurka
Ikastolen Elkarteak, Sortzen Ikasbatuaz-ek, EHIGEk, ELAk, LABek, EILASek, UEUk, Ikasle Abertzaleek, Hik Hasik eta Nizek herri manifestaziora deituko dute bihar, Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCE ez! Inposaketei ez! lelopean. Bihar emango dituzte deialdiaren xehetasunak.