Batera-koek giroa berotzeko azken ahaleginetan jardun zuten atzo. Baionan zehar furgoneta batean ibili ziren, musikarekin eta manifestaziorako deia zabalduz. Batera-ren ordezkaritza bat Hazparnen izan zen, Laborantza Ganberaren egoitzan, egoitzaren okupatzen ari diren ELBko kideen sostenguz. Okupazioa gaur eguerdian bururatuko da eta laborariak elkarrekin joanen dira Hazparnetik Baionara.
Prentsaurreko bat ere antolatu zuten goizean, bezperan Lizagarai taldeak adierazi «gezurrei» erantzuteko. Jean Espilondo diputatu sozialista ohiak eta bertze lagun batzuek Batera-ren «manipulazioa» salatu zuten. Batera-koek aitortu zuten duda bat izan zutela Lizagarai taldeari erantzuteak merezi zuen ala ez, ez ote zen haiei garrantzi gehiegi ematea.
Jakes Bortairuren ustez, Lizagarai taldea eta Batera-ren arteko indar harremana aipatzean, Lizagarairen ideiak boterearen ideia berak direla kontuan hartu behar da. «Indarra ez da lau katu haien esku. Indarra boterearen esku dago». Batera-ren indarra «elkarteek, sektoreek eta arrazoiak» osatzen dutela zehaztu zuen. Atzo, Lizagarai taldearen akusazioei erantzunez, «bihar Parisek erabiliko dituen argudio berei erantzun» zieten.
Mixel Berhokoirigoinek gehitu zuen, Lizagarai taldearen xedea eztabaidan sartzea balitz, lehenago sartuko zela, Batera-k hainbat aukera eskaini dituelako horretarako, herriz herriko bilera publikoen bidez. «Haien xedea manifestazioa baino lehen hitz eginen zuten azkenak izatea zen, manifestazioa hausteko. Baina ez dute lortu. Guk dugu azken hitza».
Departamenduaren aldeko militante ezaguna den Renaud Delizagaraik «gezurrak metaturik» ikustean erantzuteko beharra sentitu zuen. Departamenduari dagokionez, «ez dute inoiz aipatzen zer egin lezakeen departamendu batek, estatuaz mintzo dira bakarrik. Erabateko jakobinoak dira. Ez dira inoiz mintzo dezentralizazioaz. Ez dira ohartzen zein den Europako joaera», kritikatu zuen Delizagaraik. Euskal departamenduaren sorrera «garapenerako bulego baten sortzeko baldintza» dela zehaztu zuen. Gaur egun Pauek ez du horrelakorik sortu nahi. Bertze leku batzuen adibidea eman zuen, azpimarratzeko halako bulegoa dagoen tokietan, garapen ekonomikoa lortu dela.
Erantzuna atalez atal
Espilondoren taldea euskararen ofizialtasunaren aurka mintzatzeaz gaitziturik agertu zen Mixel Oronos. «Euskara, gizon, emazte eta haur batzuen mintzaira da eta edozein mintzaira bezala, errespetua merezi du. Hizkuntza guztien balioa bera da». Oronosek «arrazakeria» leporatu zion Espilondori. Bortairuk gezurtzat jo zuen «borondate politiko faltaren» argudioa. Botere publikoek sektore horretan borondatea agertzen dutela zehaztu zuen. Unibertsitatearen atalean, Mixel Bidegainek Lizagarai taldearen argudioak baliogabetu zituen. «Guk diogun gauza bera diote. Unibertsitate batek, garatzeko, autonomoa izan behar duela eta horrelako unibertsitate baten sortzeko erabakia politikoa dela». Berhokoirigoinek laborantzaren alorrean erantzun zuen.
z Datua
Desadostasunak PSko kide batzuk eta Espilondoren artean
PSeko eskualde kontseilari eta Baionako zinegotzi Colette Capdeviellek ez dela Espilondorekin ados jakinarazi zuen atzo, PSko bertze zinegotzi batzuekin batera. Berdeetako Jean Lissar, Martine Bisauta eta bertze batzuek ere izenpetu zuten agiria.