Milaka lagunek bat egin dute gaur Nafarroako hezkuntzako sindikatuek antolatutako grebarekin. Nafarroako Gobernuaren murrizketen aurka agertu dira, eta neurri horiek ez aplikatzeko eskatu dute. Azkenean gobernuak murrizketak ezartzea erabakitzen badu, greba mugagabea egiteko prest daudela iragarri dute. Beste bi greba deialdi ere egin dituzte sindikatuek, hilaren 29rako eta 31rako.
Iruñeko Sarasate pasealekuan irakasle, ikasle eta guraso ugari bildu dira gaur eguerdian, Parlamentuaren aurrean, eta ondoren manifestazioa abiatu da, Hezkuntzan murrizketarik ez lelopean.
Martxa hasi aurretik, LAB sindikatuko Expe Iriartek esan du grebaren erantzunaren inguruko lehen datuak "oso onak eta garrantzitsuak" direla.
Haren arabera, irakasleen artean %70eko babesa izan du deialdiak, baina nabarmendu du ezberdintasunak izan direla zentroen artean. Nafarroako Gobernuaren arabera, aldiz, erantzuna %48,75koa izan da.
Iruñerriko ikasle abertzaleek salatu dute Polizia ikasleei oldartu zaiela, UPNren egoitza aurrean. Ez dute zehaztu atxiloturik edo zauriturik dagoen.
Atzo Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Elkarteak deituta, greba mugagabea hasi zuten irakaskuntza ertaineko irakasleek Nafarroan.