Ekonomia

Milaka lagun Zumarragan, Arcelor Mittal ez ixteko eskatuz

Jendetza atera da kalera Zumarraga-Urretxun Arcelor Mittalek herrian duen lantegia ez ixteko eskatuz. "Gure altzairua, gure enplegua" egin dute oihu. Manifestazioaren amaieran, eskerrak eman dizkiete alboan dituztenei: "Ez gara 300, herri osoa baizik". Eta falta direnentzako eskaerak izan dituzte. Jaurlaritzaren "agintari gorenak" alboan nahi dituztela azpimarratu dute. Xabier Martinen bideoa. [youtube]https://youtu.be/cuNcdnQOihM[/youtube]

xabier martin
2016ko martxoaren 19a
08:56
Entzun

Bi kamioik ireki dute Zumarraga-Urretxun Arcelor Mittal ez ixteko eskatzeko egin duten manifestazioa. Jendetza atera da kalera, herriko langileen defentsan. "Arcelor ez itxi" eta "Hemen gaude enpleguaren alde" ahots bakarrean abiatu dira beharginak eta haien familiak manifestazioan. Izan ere, Mittalek altzairuaren krisiak Zumarragako Arcelor eta Sestaoko ACB ixtera behartu duela dio. Hori ez dela egia uste sindikatuek.

Txalo egin diete herritarrek langileei bide ertzetik, eta  "jo ta ke, irabazi arte" oihukatuz erantzuten dute beharginek emozio betean. Izan ere, arriskuan daude haien lanpostuak. Indiako zuzendaritzak Arcelor Zumarraga itxi eta 325 langileetatik gehienak Asturiasera bidali nahi ditu. Langileek, baina, ez dute joan nahi, eta manifestazioan esan dute beste lanpostu bat hartzea ez dela aukera bat. "Mittal errudun, esplotatzailea", egin dute oihu.

Manifestaziora joaterik izan ez dutenek ere babesa helarazi diete. Hainbat merkatari, esate baterako, kanpora atera dira manifestazioa pasatzean, eta txalo egin diete.

Politikari batzuk ere izan dira Zumarraga-Urretxuko manifestazioan. Esate baterako, han izan da Denis Itxaso Gipuzkoako Diputazioko Kultura sailburua, eta Pello Urizar EH Bilduko bozeramailea.

Zumarragako lantegiak egiten duen produkzioaren parte bat kentzeko asmoa du Arcelorrek, eta lantaldea —300 langile baino gehiago— lekualdatzeko aukera ireki du. Sestaoko ACB lantegiaren jarduna geldirik du jadanik multinazionalak. Zumarraga- Urretxuko langileek gaur hasi dituzte protestak, eta asteazkenean jarraituko dute: greba egingo dute, eta Gasteizen elkarretaratzeko asmoa dute, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, gobernuari ardura eskatzeko. Hilaren 26an ere protesta egingo dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, Markel Olanoren gobernuari "inplikazioa" exijitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.