"Elkarrizketa da bide bakarra gauzak konpontzeko. Elkarrizketarik gabe ez dago etorkizunik, ezta itxaropenik ere", esan du Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, Jaurlaritzak berak antolatutako manifestazioaren amaieran. Bere gorbernua ez dagoela etsitzeko prest erantsi du, eta ekimen politikoa hartuko dutela "normalizazio politikoa lortzeko". Hain zuzen ere, elkarrizketa ez ezik, akordio politikoak ere ezinbestekoak direla esan du Jaurlaritzako lehendakariak, eta herritarrek horixe exijitzen dietela politikariei. Herritarrei "eskuzabaltasuna" eskertu die Ibarretxek, eta, azkenik, Carlos Alonso Palate eta Diego Armando Estacio ETAk Barajasen jarritako bonbak hildako bi ekuadortarrak izan ditu gogoan. Hain zuzen, haien omenez minutuko isilunea gordez amaitu da ekitaldia.
Aurretik, 17:00etarako abiatzeko prest zen manifestazioa, pankarta nagusia zortzi emakume eta hiru gizonezko anonimoren eskutan -Ekuadorren jaioetakoak dira pankarta daramaten herritar horietako zenbait-. Era berean, ordu horretarako antolatuta zegoen haien atzetik doan agintari eta politikarien segizioa. Hala eta guztiz, ordea, ezin izan dute puntu-puntuan atera, jendetzaren emanak oztopatu egin baitu une batez pankartak aurrera egitea.
Minutu batzuetako atzerapenarekin abiatu da, beraz, pankarta, ezker eta eskuin pilatu diren herritarren txalo artean. Ibilbide gehienean zeuden herritarrak manifestazioaren ertzean, eta erakundeetako zein alderdi politikoetako agintariak igarotzen zirenean jotzen zituzten txalo beroenak.
Agintari guztien buru Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria joan da, eta haren inguruan hainbat sailburu: Esther Larrañaga, Javier Madrazo, Tontxu Campos, Idoia Zenarrutzabeitia, Gabriel Inclan eta Javier Balza, besteak beste.
Halaber, han izan dira Carlos Garaikoetxea eta Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia eta Ramon Jauregi PSOEko zuzendaritzako kidea, Josu Jon Imaz EAJko presidentea, Begoña Errazti EAkoa, EBko eta Aralarreko ordezkariak, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea eta Odon Elorza Donostiakoa.
Oro har, isilik joan da manifestazioa, eta arestian aipatu bezala, herritarren txaloek apurtzen zuten isiltasun hori. Pankarta nagusiaz gain beste ikurrik ez da ikusi, ikurriña bakan batzuk salbu. Jende askok EGIk banatutako pegatina bat eraman du paparrean, Nire izenean bai jartzen zuena.
PSE-EE bai, Batasuna ez
Nolanahi ere, manifestazio horren antolakuntza liskartsua gertatu da, eta hainbat ika-mika eragin ditu egunotan alderdien artean.Izan ere,Ibarretxek aldatu egin zuen hasierako leloa herengun, Batasunak joateko asmoa zuela agertu ondoren, eta aurreneko Bakerean eta elkarrizketaren alde-ri ETAri indarkeriaren amaiera exijitzen diogu erantsi zion.
Ondorioz, PSE-EE manifestazioan izango da, baina Batasuna eta LAB, ordea, ez. Batasunak atzo arratsaldean jakinarazi zuen ez zuela parte hartuko, leloa aldatzean Ibarretxek euskal gizarteari "iruzur" egin diola iritzita. Manifestazioari buruzko azken erabakiak "Rubalcabak eta Imazek Madrilen" hartu zituztela iritzi dio Pernando Barrena mahaikideak.
PSE-EEk joan den igandean iragarri zuen manifestazioan izango zela,hasierako leloarekin guztiz bat ez etorri arren. Baina ostegunean Batasunak manifestaziora joango zela jakinarazi ondoren, eurek ez zutela parte hartuko agertu zuten sozialistek, eta lelo anbiguoegia ezartzea egotzi Ibarretxeri; hau da, ETAren gaitzespen zuzenik ez egitea.
PSE-EEren erabakiaren ondoren, ETAri ndarkeria uzteko exijitzen diogui eranstea erabaki zuen Jaurlaritzak, hasiera-hasieratik manifestazioaren espirituan hori jasota zegoela argudiatuz. Ondorioz, Batasunaren atzoko erabakia etorri zen; hau da, ez parte hartzekoa.
Gainera, leloa aldatu arren, eta ETAri exijentzia zuzena eginagatik, Batasunak azkenean parte hartzea erabaki izan balu eurak ez liratekeela joango azpimarratu du gaur Jose Antonio Pastor Bizkaiko PSE-EEKo idazkari nagusiak.
Bakearen aldeko manifestazioa
Milaka lagunek bete dituzte Bilboko kaleak
Elkarrizketaren eta akordio politikoen premia aldarrikatu ditu Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak ekitaldiaren amaieran. Iragarri bezala, PSE-EEko ordezkariak han izan dira, eta Batasunekoak ez. Milaka eta milaka lagun batu dira =i Bakearen eta elkarrizketaren alde. ETAri indarkeriaren amaiera exjitzen diogu=i pankartaren atzean: manifestazio burua udaletxe atarira iritsi denean, Moyua plazan zegoen bukaera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu